Iñaki Segurolaren heriotza

Eta orain mina

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2022ko eka. 9a, 08:30
Iñaki Segurola. (Ihintza Elustondo)

Miel Anjel Elustondok 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Eta zer iruditzen Iñakiren gainean hitz egitea, Ogrue omen. Eta jakin nahiko nuke noiz zeinek zer dela-eta asmatu zion gaitzizena, baina honezkero berdin zaio, ezta? Eta zer inporta du, inporta duena, eta asko baino gehiago, da ez dagoela gure artean, joan egin zaigula, orduz lehen, oso orduz lehen ere, eta Betharrandarretako garaian ikusiko nuen estreinakoz, baina zer kasu egin behar nion nik, ni baino bost urte umeago zen denok ume ginen garai hartan, Betharrandarrak ikastetxea estreinatu genuen sasoian, Gogortza Lekuona Oteiza Aiala eta geroago Aiertza, aurreko patio hura harrikoskorrez beteta zegoen denboran. Eta gero kitto.

Gero zeinek bere bidea hartu zuen, edo egiten saiatu zen, gazteak baleki zaharrak baleza, eta hurrena laurogeiko hamarkadaren hasieran tokatu ginen berriz elkarrekin, nazioarteko euskalarien kongresu handi bat izan zelako Leioan, unibertsitatean, eta zeinekin joan nintzen ez dakit, baina gaua Muxikan eman genuela bai, Joseba Lakarraren etxekoen baserrian edo hor nonbait, eta hantxe zela Iñaki ere, hura Lakarrarekin-eta ari zelako estudiatzen filologia Gasteizen, eta hantxe denok, eta jende burutsua iruditu zitzaidan, baina ez nuen askorik hitz egin Iñakirekin, azpeitiarkeria batzuk beharbada, gauza handirik ez. Eta gero berriz kitto.

Eta gero hantxe azaldu zen noizbait Iñaki plazara, izenaren jabe ordurako, edo ezizenaren, ogro ordurako, euskararen mundua edo euskararen inguruan zebiltzanena mokadu batean jateko pronto, bai irentsi ere, barruan zeukan hiztegi egiten bildutako almazenaren ehuneko hainbat, eta inork ez bezalako dotoreziaz jarduten zuen zurian beltz, eta dotorezia bezain handia zuen atrebimendua hitzean eta hortzean, eta ez zion niñojexuxi ere barkatuko, zirti-zarta ezker-eskubi batere gupida gabe, eta gehiegi ere bazen mikroaren aurrean Don Juan parrokian pulpitutik bezala, baina askoz indar handiagoan, eta hura trumoia Iñakirena, eta gero argazkiak egitera Azkoitira joan nintzaion batean izan nintzen harekin azkenekoz, aspaldi, eta goxo Iñaki. Eta gero kitto.

Eta orain min galanta eta kitto.