Soka luzean

Izoztuarena

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2021ko uzt. 8a, 08:05
Joseba Sarrionandia. (Ainhoa Iraola - Anboto.org)

Miel Anjel Elustondok 2021eko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Izoztua heldu da, herrialde berotik, hala ere. Aireportutik irten orduko da giroa bero, umedadetsu eta ia itogarria. Beheko haizerik ez dute han ezagutzen. Eta hango beroa larruan itsatsita etorri da, hemen udaberria dugunean, eta berrogei urte eta gero hemengo udaberriaren freskura zeharo ahaztuta duela. Isilik etorri da. Oraintxe dela bi urte hasi ziren kalkulu bihurriak egiten kazetari askojakinak. Ezin Loiun bertan lurrartu. Akabo, bada. Hantxe izango zuen mundua zain. Ez. Parisen lurrartu behar zuen, kazetari zuhurren pronostikoen arabera. Han, autoan sartu eta Nafarroatik barrena egingo zuen, ezkutuan, gordeta, inork irudikatuko ez zuen mendateren batetik. Larrainetik gora, adibidez. Badakigu Zuberoan lagunak dituela. Handikantxe, adibidez. Eta, isil-isilik, sartuko zen etxera, bi orduko bidean. Plan burutsua izoztuarena. Lehen kartzela kaiolatik eskapatzeko ibili zuen plan burutsua bezain burutsua. Izoztua baino burutsuagorik ez da gure artean oraindik inor burutu.

Izoztua heldu da, herrialde berotik, hala ere. Aireportutik aireportura egin du, handik gatozenean guk egiten dugun moduan. Zuk, zuek, nik. Berak. Irten da herrialde beroko aireportutik, eta konexiorik ohikoena egin du, Espainiara. Madrilen lurrartu eta Loiura egin du, baten batzuei agindu baino egun bat lehenago, hala ere, ez zekion inor ongi etorri pankartarekin azaldu, ez zezaten lore sortarekin lotsatu, argazki eta telebista kamera eta bideo eta Whatsapp eta bestelako, ez zezaten ito. Munduan denik eta pertsonarik normalena baita. Pantailaren aurrean eskribitzen jartzen denean izan ezik. Orduan, munduko pertsonarik normalen hori itxuraldatu egiten da, eta ipuineko ahate itsusi haren irudira, inoizko beltxargarik ederrena bihurtzen da, letren printze egiten da, eta liluratzen ditu irakurleak oro. Guztiak, alegia. Munduko pertsonarik normalena, ari nintzen. Etorri da. Eta etorri eta hurrengo egunean, herri txikiko kazetari gaztearen galdera normalak erantzun ditu, normal-normal, inork erantzungo lituzkeen bezala. Edo natural-natural. Eta halaxe justifikatu du berak, nahiz jendeak berrogei urte egin dituen haren zain hemen. Kartzela zulotik eskapatu zenetik, seguru. Munduko pertsonarik normalena dela. Uzteko bakean, esanez bezala, erbestean zela hil zitzaiola aita, ez zuela ikusterik izan, eta amaren ondora egotera etorri dela orain.