Soka luzean

Kapitan Laxa

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2021ko mai. 11a, 07:17

Miel Anjel Elustondok 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Adiskide txarra baino, hobe da bizi bakarrik...", aditzen genuen kantatzen zutela trikitilariek, nahiz askoz geroago arte ez genien kasurik egin. Gaztearen laineza zer den.

Orain, aldiz, Uztapideren gero eta beheragora heldu garenean, heltzen ari garenean, eta gaitz erdi, heltzen ari gara, zeren bat baino gehiago ez ezik, mordoa baino gehiago dira bizi bazterrean utzi ditugun adiskide eta lagunak. Trikitilariaren adiskide txarretik ere ez gutxi, hala eta ere. Eta delako adiskide txarra baino, hobe da bizi bakarrik, hura burutzar handi honetatik ezabatu, ikastolako garai joan urrutiko hartan arbela borratzen genuen abantada berean ezabatu ere, eta adiskide onarekin tarte batzuk ematen saiatzen gara orain, amorratuta. Arrabiatuta. Edo Donostian, Atotxa zaharreko tunelean egin zuten pintada handi indartsu hura: txakurrek arrabia daukate.

Batzuen arrabiari, besteen txertoa. Guardia zibilen kontroletan inork bizi izandakoak biltzen ari zait adiskide izoztu bat. Berririk baldin baduzue, kontatu niri, faborez, haren liburuan ager daitezen. Nik, azkena, atzo bertan izan nuen azkeneko kontrola. Etxeratze aginduak eta herrialde mugak gainetik pasatu, edo azpitik, baina demofaxisten legearen barruan beti, geratu ninduten berdeek. Eta "nora zoaz?"... "Oraintxe jo behar zioat nik honi adarra!". Sartu mingaina haginen artean, eta "estxedsaa!" nik. "Barkatu, nora esan duzu?". Nik, lehena berriz ere, mingaina haginen artean orduan eta barrurago sartuago: "Estxedsaaa!". Entenditu dit, etxera noala, alegia, eta nortasun agiriaren zenbakia galdetu dit. Barrua behar du. Ez daki zer datorkion zaparradan: "Dzasszpi, bi, slau, shirus, szerroo...". Esan dizkiot zenbaki batzuk, egiatan hasi eta gezurretan bukatuta, guardiainzibila ernegatzeko moduan, eta, behingoagatik, ni ez baina bera beldurtzea lortu dut kontrolean. "Aurrera, aurrera!", eta segitu dut neure bidean, jakinik etxean adiskide txarra ez baina ona, oso ona izango dudala zain. Kapitan Laxa. Adiskide ona baino, ez dago-eta ederragorik.