Soka luzean

Carlo Tonon zuen izena

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2020ko urr. 30a, 08:00
Carlo Tonon. (Philippe Huguenin)

Miel Anjel Elustondok 2020ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zer zebilen zikloturista garungabe hura inork ez daki. 1984. Frantziako Tourra. Joux Planen behera zetozen ziklistak, igaroak ziren onenak, asko aleka zetozen oraindik, azkenputzen tropeltxoa ez zen artean aldapan behera ageri. Hala ere, zikloturista hura gora ari zen.

Eta ziklistak aldapa behera ziztuan zetozela, bihurgunetik irten eta zikloturista bat parez pare. Nola edo hala haren kontra txoke egin gabe libratu ziren ziklistak. Ez denak, hala ere. Carlo Tonon izeneko ziklista italiarrak ezin izan zuen galarazi. Beste haren kontra jo zuen bete-betean. Hainbestean libratu zen zikloturista. Konorterik ez zuela galdu, diote, Tononek ez bezala. Helikopteroak hartu eta eraman zuen Annecyra, egun hartan lo egin genuen herriko ospitalera. Eta Annecyko lakuaren ederra, Carlo Tononek inoiz ikusi ez zuena. Koma egoeran zen ziklista, kaskezurraren atzealdea hiru lekutan hautsita. "Miraria litzateke bihar bizirik egotea", esan omen zioten taldeko zuzendariari. Hurrengo egunean etorri zen Carloren andrea, Carmen. Carlo, korderik gabe. Egunak egunen ondotik, Veronako (Italia) ospitale batera eraman zuten handik hamabost egunera. Egunetara, begiak ireki zituen. Lehenengo gauza, armairua ikusi zuen ospitaleko gelan. Ez zekien zer ari zen han. Carmen ikusi zuen. Eta gogorrena hasi zen, indarberritu beharra.

Eta, hainbestean, koinatuari laguntzen hasi zen lanean, amuarrainak hazten. "Baina kideek huts egin zidaten. Abandonatu egin ninduten. Gogotik lan egin nuen haien alde. Battaglin, Visentini, Bontempi, Leali... ez zitzaizkidan inoiz etorri. Bisita bat ere ez. Eta negar egin nuen, negar eta negar. Bost axola zitzaien haiei adiskidetasuna. Nahikoa zuten hitz bat, baina ezta hori ere. Bertan abandonatu ninduten".

Eta gauza luzatu zen, Italiako ziklismo federazioaren luzamenduak, taldeko nagusiarenak. Ezer ez. Kalteordain halamoduzko bat jaso zuen. Lan halamoduzko bat inguratu... 1996ko ekainaren 17an, mundu honetan etsi eta bere burua urkatu zuen, Annecy bezain ederreko Toscanan.