Esperientziadunak

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 23a, 09:11

Mailo Oiarzabalek 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Esperientziadunak”. Horrela izendatu gintuen aspalditxo lankide batek gure kazetari lantaldeko bi zaharrenak. Kariño askorekin, badakit, eta horixe ez esateagatik, edo xuabe esan nahian: koskarekin garela zaharrenak, alegia. Izan ere, gu, esperientziadunak, mende erdia betetzetik oso gertu gaude, eta atzetik hurbilen duguna 40 urtetik nahikoa urrun dabil oraindik; eta gainerako guztiak 30etik behera, oso aise behera, gainera, gehienak.

Hemen gabiltza, zaharrak, gazteak eta itxuragabe gazteak, lan berean eta lan hori egiteko baliabide berberak erabiliz: ordenagailuak, programak, sakelako telefonoak, kamerak... Itxuragabe gazte horientzat ez dago nobedaderik, horrelakoekin ondo trebatuta iritsi direlako lan mundura. Aldiz, gu, esperientziadunak, tresna eta tramankulu berriak ezagutzen eta menderatzen (edo) joan gara urteen poderioz. Zer erremedio, eta eskerrak. Ez dira gutxi aldatu gauzak gu lanean hasi ginenetik. Interneterako konexio txukuna ezinbesteko tresna bihurtu da gure lanerako, beste askotarako bezalaxe. Eta telefono mugikorra, zer esanik ez: salbazio eta kate –hitzaren zentzu anitzetan–, lanean eta bestela. Konexio horiek eteten badira, akabo, ia ezer egin ezinda gelditzen gara; gauza ederra baita teknologia, huts egiten duen arte.

Teknologiaren garapenak eta aurrerabideek urte gutxitan lan mundura ez ezik gizarte osora zer-nolako aldaketak ekarri dituzten, horixe darabilkit buruan azken asteetan, COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainaren haritik. Gure lantaldeko itxuragabe gazteetako batek belaunaldien arteko arrakala digitalaz idatzi zuen erreportajea aldizkari honen apirileko zenbakian, eta arrakala horren adibide gordina izan da Osakidetzak 70 eta 79 urte artekoei txertoa jartzeko txandak emateko aukeratu duen bidea. Zer da, eta baten bati ideia eraginkorrena iruditu zaio adin tarte horretako herritar guztiei mugikorretara SMS mezuak bidaltzea, eta mezu horietan txandak Interneten aukeratzeko esteka bat gehitzea. SMSak, SMS bat zer den ez dakiten milaka laguni. Txanda hartzeko Interneten sartu beharra, Interneten inoiz nabigatu ez dutenek. Eta, noski, mezu horien hartzaile guztiek mugikor bat eskura dutela zalantza izpirik egin gabe. Txertoa jartzea noiz tokatuko zain-zain dauden asko eta asko kirioak dantzan eta txanda hartu ezinda, osasun zentroetara joan-etorrian, informazio eta laguntza eske, azken urtebete pasa honetan pairatutako ezinegonari beste bat gehituta. Dena ondo eta beti gure on beharrez egiten duten kudeatzaileen beste arrakasta bat.

Badakit 70 eta 79 urte artekoetan badirela teknologia berriekin ederki moldatzen ikasi dutenak ere, baina gutxiengoa dira. Lanean esperientziadunen multzo txiki-esklusiboan dagoen honentzat azken bizpahiru hamarkadetako bilakaera teknologikoa harrigarria izan bada, zer pentsatuko ote dute gerraondo betean jaio ziren horiek Interneti eta sakelakoari kateatuta bizi garenotaz. Kutxazainetara arrastaka eraman dituzte edo nahi dituzte aurrez aurreko zerbitzua akabatu nahi duten bankuek; eta, orain, oinarrizko zerbitzu publikoekin hartu-emanak antzeko bidetik joan daitezkeela ikusi dute. Zaharrenek ikusi dute, eta bidean goazenok ere bai, momentuz arrakala digitalaren alde 'onean' gaudela sentitu arren.