Izarraizpetik

Erronkak, demak, lehiak...

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2024ko mar. 30a, 15:29
Inazio Arregi 'Etxearreta' 77 kiloko burdinarekin Loiolatik Xoxoterako bidean, 2007ko martxoan. (Nerea Aranguren)

Luis Gurrutxagak 2024ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Erronkak, lehiak, demak... euskal DNAn, geneetan edo esan ohi den bezala, odolean, oso txertatuta daramatzagun fenomenoak dira. Ukaezina da herri edo auzoetan, batik bat landa inguruetan, zeharo hedatua egon dela erronken kontua. Lehen gehiago? Baliteke... Era denetakoak ezagutzeko aukera izan dut, oso gertutik biziz. Eta horixe otu zait orain: batzuk gogora ekartzea. Gehienak ariketa fisikoarekin lotutakoak dira, eta beste batzuk nola sailkatu?

Inazio X.a Arregi Etxearreta--ren balentriak. Aurten 22 urte beteko dira Loiolako seme indartsu horrek ia ezinaren mugan dagoen ekintza gogoangarria egin zuela. Entzuna genuen, 1939an, gerra garaian, Juan Zuloaga eibartarrak 104 kiloko burdin xafla hiru ordutan eraman zuela Eibarko tren geltokitik Urko mendiaren gailurrera. Bada, Etxearretak Zuloagaren marka hori hausteko erronka jarri zion bere buruari. Nola ez, ikaragarri kostatuta, Zuloagak egindako marka baino hiru ordu gehiago behar izan zituen gailurrera iristeko. Garbi zegoen –aspaldiko erronka datuekin sarri gertatzen den bezala– ezinezkoa zela eibartarrak marka hura lortzea. Burdinaren pisua edo denbora, ala biak, erabat puztuta zeudela, alegia. "Ezta helikopteroak ere marka hura hautsi!", zioen mesfidati egun hartan Arregiren jarratzaile batek. Hurrengo egunetan, Madrilgo eta Bartzelonako kirol egunkarietan balentriaren berri idatzi zuten. Urte batzuk lehenago, Azkoitiko parrokiaren aurretik Hernioko gailurrera betetako butano bonbona bizkarrean hartuta Kaxerok egindako denbora aise ondu zuen Arregik. Eta loiolatarra izanik, eta izena Inazio, mutilari ze otuko eta, bere pisua adina –78 kilo– pisatzen zuen burdin xafla, santutegiko Inazio donearen irudiaren aurretik Xoxoteko gailurraren ondoko irudiraino igotzea. Harrigarriak gizon hark egindako balentriak.

Erronka gehienak kirol jarduerei lotuak daude, baina beste batzuk nola sailka litezke? Esaterako, Aratzerrekako San Isidro bezperako lehia: bi minututan gogortutako arrautza gehien ea nork irentsi! Ez dakit egungo osasungintzako autoritateak onartuko lukeen hurrengo lehia: laukoteka, ea nork jango zukeen arkume txuleta kilo gehien denbora zehatz batean. Hori Logroñoko [Espainia] San Bernabe festetan antolatzen zuten. Eta arraiopola! Partaidetza handiena euskal herritarrez osatutako laukoteena... Eta, gehienetan, irabazleak hemengoak!

Maillot horia egoskorrenarentzat. Lehiaketa hau, zelebreenetan zelebreena. 80ko hamarkadan ohitura bihurtu zen Trinitate bezperan urteko nuarbetar egoskorrena nor zen erabakitzea. Herri afariko postrearen garaian, bozketa egin ohi zuten, eta kontaketa arretaz jarraitzen zuten, gaueko une zirraragarriena izaten zelako. Irabazleari, oholtzara igota, maillot horia jartzen zioten, eta gau guztia maillotarekin ibili behar... Egoskor kontu hori ulertzeko, Loreto tabernako historian kokatuko gara. Auzoko taberna bakarra izanda, egunero afalostean gazte zein helduentzat tertuliarako txokoa bihurtu zen. Giro hartan sortu zen sokatira taldea, gero mundu osoan gaindiezina izan zena. Batzuetan –edo sarri–, ezbaiak sutsuak izaten ziren, eta trinitateen aurreko azken bizpahiru hilabeteak bitxiak izaten ziren: jendeak, setati ez agertzeko, nolako ahalegina egin ohi zuen. "Hi, heuk ikusi, baina trinietan heuk jantziko dek maillota, e!", jaso ohi zuten aholkua.

Loreto taberna, egoskorkeriaz aparte, mintza praktikarako txoko garrantzitsua ere bazen. Arabatik etortzen ziren Nuarbera Irakasle ikasketak bukatu berritan maistrak, euskara ikastera. Maestra etorri eta andereño itzuli... Afalondoan ezinbestekoa izaten zen tabernako bilkura, mantso eta euskara batu ahaleginean mintzatuz gazte arabarrekin.