Izarraizpetik

Kanpandorreetako erlojuak

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2023ko mar. 2a, 08:57
San Martin egoitzako erlojua. (Uztarria)

Luis Gurrutxagak 2023ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Denbora neurtzeko lehen saiakerak Lurraren, ilargiaren, eguzkiaren eta izarren mugimenduetan oinarritu ziren, hasieran pentsatu izan baitzen Lurra geldirik zegoela eta besteak mugitzen zirela haren inguruan. Eguzkiaren izpietan oinarrituz, egiptoarrak izan omen ziren lehen neurgailua asmatu zutenak, k. a. 1.000 urte: eguzki erlojua. Geroztik, zibilizazioak aurrera egin duen heinean, modu eta tramankulu desberdinez baliatu da gizakia denbora neurtzeko.

Denboran salto eginez, etor gaitezen gurera, zehazki inguruko kanpandorreetako erlojuen historia ezagutzera. Kontaketa xume honetan, ezinbestekoa dugu erloju egilea izan den familia baten historia printzak ezagutzea: Yeregi erlojugileen sagarena. Bost belaunaldi luzetan ekoitzitako haien erloju askok oraindik zintzo demonio diraute lana betez; alegia, orduak markatuz. Jose Frantzisko Yeregi Zabaleta 1760an jaio zen Leitzan, eta 1834ean zendu; hura izan zen yeregitarren lehen ordularigilea. Ahotza izanez, zurezko erlojua egin eta Iruñeko azoka batean aurkeztu zuen. Erlojuak ordu osoak eta erdiak jotzen omen zituen. Harrera ona izan eta bultzada jaso zuenez, metalezkoak egin zitzan, gizonak Arruizko sutegian bi urtez ikasi zuen ofizioa, eta gai-gai izan zen Beteluko elizarako erlojua egiteko. Jose Frantziskoren anaiek, semeek, ilobek, bilobek... eman zioten jarraipena erlojugintzari belaunaldiz belaunaldi. Gutxienez, badira zortzi yeregitar gizaldian zehar erlojuak ekoizten aritu direnak maisuki. Benito Yeregi Goldaracena (1843-1912), J. Frantziskoren iloba, nahi nuke azpimarratu. Izan ere, hark egindako edo muntatutako erlojuak ditugu gure bailarako auzoetako kanpandorreetan. Betelun jaioa, oso iaioa errementari lanetan, dirudienez, erbesteratua izan zen Usurbilgo Aginaga auzora, txanpon diruak faltsutzeagatik. Entzuna dut, baita ere, 'gona' kontuak medio alde egin zuela Aginagako errementari alabarekin; Martina Manterolarekin ezkondu zen eta hamahiru seme-alaba izan zituzten. Topatutako bere erloju zaharrena Astigarragakoa da, 1878koa, gaur egun gelditua. Esan genezake gure inguruko elizetako erlojugile aitzindaria dela Benito. Errementari-orduragile gisa hark gauzatutako 80 ordulari zenbatu dituzte denera. Batzuk berak egindakoak dira, beste batzuk Frantziatik ekarri eta ondoren berak muntatutakoak, eta beste batzuei berak gehitzen zizkien hainbat pieza. Artista hutsa. Artisau iaioa izateaz aparte, saiatzen zen saltzaile abila izaten ere. Azpeitiko artxiboetan topatu da propaganda orria, garairako bitxia eta erakargarria zena, zeinetan erlojugintzan zuen ospea islatzen baitzen. Era berean, erlojuen mantenuak eta zaintzak kezkatzen zuen. Horren harira, Nuarbeko elizako erlojua –1895ekoa– kokatua dagoen gunearen ondoan, hark idatzitako hainbat aholku edo arau irakur daitezke, tramankuluaren funtzionamenduak ez dezan izan okerrik. Adibidez, ordua atzeratuz gero, hori zuzentzeko zer urrats egin behar diren azaltzen du.

Baina kontu horiek denak nekez jakingo genituen Yeregi elkartea izango ez balitz. Xabier Alvarez Yeregi, Benitoren birbilobak, elkartearen sortzaile, sustatzaile eta gaur egun buru denak, garbi dauka zein den zeregina: "Yeregitarrek eta beste egileek egindako erlojuak eta bestelako makinak ekoiztean sortutako ondare historikoa errekuperatzea, eta ondoren, gizarteratzea". Horren adibide garbia da duela gutxi Azpeitiko lehengo Miserikordiako eraikuntzan zegoen erlojuarekin egindakoa: jasota zeuden piezak txukundu, erlojua osatu, eta garrantzitsua... martxan jarri. Udalaren eskuetan dago orain, non kokatu jendeak bisita dezan.

Xabierrek ondo dioen bezala, "kanpandorreko ordularia ez da ezer kanpainkada gabe". Duela gutxira arte elizako kanpaikadek auzotarren eguneroko zereginetan izan duten eragina zenbaterainokoa den pentsaezina da. Mereziko luke horri buruzko historia kontatzea. Agian, beste batean...