Lagun Onak futbol taldea aste honetan hasiko da bazkide kuota kobratzen

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2020ko ira. 18a, 09:56

Osasun krisia tarteko, iazko bazkideei kuotaren %25 itzuliko die Lagun Onakek; horretarako, klubarekin harremanetan jarri beharko dute bazkideek. Laster jakinaraziko dute noiz jaso daitezkeen 2020-2021 sasoiko txartelak. 

Lagun Onak futbol taldea bazkide kuotak kobratzen hasiko da aste honetan edo hurrengoan. Joan zen sasoian, hainbat partida bertan behera gelditu ziren osasun krisiak eraginda, eta hori kontuan izanda, klubak erabaki zuen 2019-2020 denboraldian bazkide izan direnei urteko kuotaren %25 itzultzea. %25 hori bueltan jasotzea nahi dutenek futbol taldearekin harremanetan jarri beharko dute, telefono zenbaki honetara deituta: 609 79 45 20 (Rikardo).

Bestalde, laster jakinaraziko dute bazkideak noiz joan daitezkeen 2020-2021 denboraldiko txartelen bila Garmendipera. Izan ere, partiden aurretik leihatilan ilarak sortzea saihestu nahi dute, eta norgehiagoken egunetan ez ezik, beste egun batzuetan ere izango da txartelak jasotzeko aukera.

Iazko bazkideei automatikoki egin diete txartel berria klubeko ordezkariek, baina norbaitek orain bazkide egitea nahiko balu, partiden egunean Garmendipera joan edo aurrez aipatutako telefono zenbakira deitu behar du.

Urriaren 17-18ko asteburuan hasiko da Espainiako Hirugarren Mailako denboraldia. %60ko edukieran zabalduko dute futbol zelaia; izan ere, ikusleen artean segurtasun tarteak errespetatu beharko dira. Klubak azaldu duenez, beste urteetako ikusle kopurua kontuan izanda, joaten diren guztietantzako izango da lekua.