Andoni Bastarrika: "Umeekin hondartzan harearekin jolasten hasi eta ohartzerako hareazko irudiak egiten ari nintzen"

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Kultur Mahaia | Kultura
2015ko uzt. 16a, 11:53

Larunbatean, uztailak 18, hondarrezko eskultura tailerra egingo da 16:30ean hasita, Jose Antonio Agirre Plazan. Andoni Bastarrikak eskainiko du Txiki Biran egitasmoaren baitako zazpigarren saioa, eta hark azaldu duenez, "partaideek harearekin sorkuntza landuz gozatzeko aukera izango dute hiru orduz". Udaleko gazteria sailak eta Sanagustin kulturguneak elkarlanean sortutako egitasmoa da Txiki Biran, eta Xanjuandei Auzolanean-ek ere parte hartu du oraingoan. Bastarrikarekin hitz egin dugu.

Zein izan da zure ibilbide artistikoa?

Nire ibilbide artistikoa hasiberria da, orain dela bost bat uda hasi nintzen harearekin lanean. Bat-batean izan zen dena, neure umeekin hondartzan harearekin jolasten hasi eta ohartzerako hareazko irudiak egiten ari nintzen. Ondorengo hiru urtetan uda ala negu Getariko Malkorbe hondartzan eta Zumaiako Itzurunen aritu nintzen irudiak sortu eta sortu. Azken urteetan uda garaian bizibidetzat bihurtu da, normalean udan asteburutan Zarauzko malekoian egoten naiz. Herriko festetan ere joan izan naiz kaleko artista bezala, kaleko txoko batean hareazko irudiak egitera.

Zein teknika eta material erabiltzen dituzu?

Erabiltzen dudan teknika eta lanerako tresnak oso pertsonalak dira, autodidakta bat bainaiz honetan. Teknika, egiten zoazen heinean ikasten duzu eta normalean erabiltzen ditudan lanerako tresnak oso sinpleak dira; neure eskuak forma emateko, makiltxo bat punta aterata eta luma bat formak marrazteko eta pulitzeko.

Nolako lanak egiten dituzu?

Animalia edo gorputz biluziak egiten ditut gehien. Nire lanei errealismoa ematea gustatzen zait. Hare Bizia izenarekin aurkezten dut harearekin dudan proiektu pertsonal hau. Irudiek batzutan benetakoak dirudite, eta zenbaiti inpresio sakona eragiten die momentu batean, magia truko bat egin banie bezala gelditzen dira.

Eskaini izan al duzu antzeko tailerrik?

Bai, dagoeneko egin ditut batzuk. Badaramatzat pare bat urte tailerrak antolatzen, eta udaberri aldera inguruko udaletxeei bidaltzen diet nire eskaintza. Herriko plazaren batean edo bestean hareazko eskulturak ere egin izan ditut kontratatuta.

Sormenari lotuta, zein asmo dituzu aurrera begira?

Hondarrarekin hasi nintzenetik ez dut inoiz inongo asmorik izan aurrera begira. Oraina biziz dena aurrean jartzen ari baitzait, eta ez dakit zer izango den etorkizunean. Etortzen dena etorrita ere, ongi-etorria izango da dudarik gabe.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu