Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

Uztailaren 23ko hauteskundeen eta faxismoaren gorakadaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2023ko uzt. 17a, 20:39
Herritar bat botoa ematen.

Uztailaren 23ko hauteskundeen eta faxismoaren gorakadaren inguruan, hona hemen Kontseilu Sozialisten irakurketa.

Udal eta foru hauteskundeetako emaitzekin bere berrautatzea kolokan ikusi ostean, Pedro Sanchezek hauteskunde orokorrak uztailaren 23ra aurreratzea erabaki zuen. Maniobra horrekin Sanchezek aurreko hauteskunde-prozesuan esplizitatu zen joera bat ahal den neurrian ahultzea espero du: bere gobernu-blokearen gainbehera oposizio politikoaren aurrean. "Ezkerraren eta eskuinaren" edo "faxismoaren eta antifaxismoaren" espektakulu publikotik harago, horren guztiaren atzean dagoen errealitatea bloke insituzionalen arteko konpetentzien, besaulkien eta kapital blokeen arteko banaketarena da.

Faxismoaren gorakada maila globalean gertatzen ari den errealitate bat da. Krisi kapitalista globalaren ondorioz bere estatusa eta pribilegioak galtzen ari den erdi mailako klasearen zati handi baten eta elite ekonomiko eta politiko batzuen erantzun erreakzionario eta biolento baten aurrean aurkitzen gara. Horren froga da azken urteetan eskuin muturreko izendatu diren alderdiek izan duten indartze elektorala Espainian, Frantzian, Italian edo Brasilen, adibidez. Baina faxismoaren oldarraldia ez da alderdi horietara mugatzen. Tendentzia beraren baitan ulertzen ditugu, esaterako, "desokupa enpresak", duela aste gutxi Frantzian protestan zebiltzanak jipotzeko antolatu ziren talde faxisten patruilak edo sare sozialetan eta komunikabideetan mundu ikuspegi bera erreproduzitzen duten iritzi-emaileak. Gizartearen zati gero eta handiago batengan indartzen ari den zentzu komun faxistaren adibide modura ulertzen ditugu aipatu adibideak.

Hau guztia, ordea, ez da ezerezetik sortu den zerbait. Oligarkia internazionala bultzatzen ari den eta alderdi politiko guztiak, sozialdemokrazia barne, exekutatzen ari diren mendebaldeko estatu kapitalisten bilakaera autoritarioaren testuinguruan gertatzen ari da. Gero eta lege errepresibo gogorragoak, kontrol mekanismoen normalizazioa, polizia gehiago, inbertsio militarraren areagotzea... COVID-19ren aitzakipean esperimentatu eta normalizatu diren joera autoritarioak horren adibide argia dira. Testuinguru historiko horrek, zalantzarik gabe, faxismoaren garapenari bidea errazten dio.

Ezkerreko alderdiek, aldiz, faxismoa Voxekin amaitzen dela sinetsarazi nahi digute, instituzioetatik faxismoari aurre egiteko aukera izan dutenean ezer ere egin ez duten berberek, bide batez. Gainera, faxismoaren kontra egiteko modurik eraginkorrena ezkerra bozkatzea dela diote, PSOEren gidaritzapean antolatutako gobernua bailitzan langileriarentzat gaitzetan txikiena. Fenomeno globala den klase ertainen bilakaera biolento eta erreakzionarioa bozka bidez gelditu daitekeela sinestarazi nahi digute. Honezkero frogatu da, ordea, ezkerreko alderdi horiek bozkatzea ez dela ez faxismoaren ez VOXen aurkako benetako antidotoa. Errealitate bat da dagoeneko ezkerraren gobernuko lau urteetan Vox hazi egin dela eta faxismoak inpunitatez jardun duela.

Jakin badakigu, faxismoa ofentsiba antiproletarioa sakontzeko dagoela, bai ekonomikoki eta baita eskubide politikoen esparruan ere. Zentzu horretan faxismoaren gorakadak eta balizko eskuin muturraren gobernu batek gauzak are gehiago zaildu diezazkioke langileriari. Hala ere, hobe luke ezkerreko koalizioak autokritika egingo balu, azken lau urteetako gobernuaren politikak kea eta promesa faltsuak saltzean oinarritu dira eta. Esaterako, lan-erreforma berrian PPren lan erreformaren aspektu gogorrenak bere horretan mantendu dituzte, eta etxebizitza legearekin ez dituzte ez etxegabetzeak gelditu ezta alokairuei benetako mugarik jarri ere. Bien bitartean, soldatek balioa galdu dute etengabe, langileon grebak poliziaren biolentziarekin isilarazi dituzte, polizia mugimendu sozialetan infiltratzea baimendu dute, Desokupa eta antzerako enpresak nahieran aritu dira eta etxegabetzeak eguneroko ogia izan dira. Gainera, ezkerreko alderdi guztiak mundu mailako tentsio militarraren areagotzean parte aktiboa izan dira eta gaur egun, arma nuklearren erabilerari dagokionez, Gerra Hotzetik mundua egon den testuinguru global arriskutsuenean dago. Hau al da faxismoari aurre egitea eta langileriarentzat gaitzetan gaitzik txikiena?

‘Programa progresistaren’ blokearen politikak, proletariotzaren aurkako politika gero eta autoritarioagoak eta biolentoagoak izan arren, erdi mailako klase nazionalen erreakzio kulturala eta izua ez asetzeak azaltzen du programa erreakzionario bat eskaintzen duten alderdien goraldia. Horrela, sektore horiek haien bozka eskoratzen ari dira eskuineko elementu programatikoetan eta sektore pauperizatuen aurkako biolentzian erradikaltasun handiago bat eskaintzen duten posizio politikoetara. Immigrantea, gazte langabetua eta gutxiengo sexualak gero eta gehiago ageri dira klase ertainaren begiradan bere estatus soziala mantentzeko garaitu beharreko etsai gisa. Hortik dator klase horien bozka masiboa alderdi erreakzionario eta faxistei.

Sanchezen gobernuak, foku mediatikoetatik harago eta erdi mailako klase aurrerakoiaren zati batean kenduta, desilusioa eta amorrua baino ez ditu sortu. Abstentzio tasa etengabe ari da handitzen, oro har mendebaldeko herrialdeetan: kasu askotan, auzo langileetan eta gazteen artean batez ere, hautu politiko nagusia da abstentzioarena. Abstentzio tasa altuak, gure ustez, lotura estua dauka proletariotzaren alderdi independenterik ezarekin. Espainiar Estatuan, ezkerreko gobernuak hauspotutako desilusio, amorru eta despolitizazio hori ere, faxismoak lan politikoa egiteko eta hazteko baliatu du.

Horrenbestez, faxismoaren aurkako antidotoa langileria batu eta politikoki aktibo bat soilik izan daiteke, diskrimizio jarrera oro alde batera utzi eta mota guztietako zapalkuntzei aurre egiteko gai den langileria antolatua. Zentzu horretan, faxismoaren influentzia ideien arteko talkaren bidez, hari zuzenean aurre egitearen bidez eta klase independentziaz borrokatuko dugu. Krisi kapitalista garaiotan hedatzen ari den mundu ikuskera erreakzionario, klasista eta baztertzailearen aurrean berdintasunaren, elkartasunaren eta unibertsaltasunaren printzipioek bidea egin behar dute, are gehiago gazte belaunaldietan. Horregatik, estatu kapitalistarekiko eta alderdi politikoekiko independentea den antolakuntza komunista indartzera dei egiten dugu. Faxismoaren garapenaren eta burgesiaren boterearen aurka, proletalgoaren erreferente politiko baten eraikuntzaren eta estatu sozialistaren alde.