Kontseilu Sozialistak oinarrizko produktuen bilketa egingo du bihartik ostiralera bitartean

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2023ko eka. 13a, 13:40
Kontseilu Sozialistaren bilketa bateko irudia. (Kontseilu Sozialista)

Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan egingo dute bilketa, hainbat supermerkaturen eta saltokiren atarietan. Kate handien aberastasun gosearen eta gobernuaren konplizitatearen aurrean, langile antolakuntza. Ogi apurrik ez! lelo hartuta gauzatuko dute bilketa.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak oinarrizko produktuen bilketa egingo du bihartik ostiralera bitartean Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian. Kate handien aberastasun gosearen eta gobernuaren konplizitatearen aurrean, langile antolakuntza. Ogi apurrik ez! lelopean egingo dute bilketa: Azpeitian Juan XXIII auzuneko eta Sanjuandegiko Eroski saltokien kanpoaldean; Azkoitian Eroski txikia eta BM saltokien atarian; eta Zestoan, Gesalaga kalean. Hiru egunetan 17:00etatik 20:00etara bitartean egingo dute bilketa.

Inflazioak Oinarrizko produktuen biltegian eragin zuzena izan duela adierazi du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Hala azaldu du: "2021arekin alderatuz gero, hilabetero banatzen dugun saskiaren prezioa %28tik gora igo da, eta, ondorioz, inoiz baino garrantzitsuagoa da guztion ekarpena. Energetikek, gasolindegiek… eta, nola ez, supermerkatu handiek ere irabazi historikoak izan dituzte; nahiz eta produkzio kostuak nabarmen igo diren eta salmentak kantitatez jaitsi, supermerkatuen urteko fakturazioak gorantz egiten jarraitzen du. Horren adierazle da nola supermerkatuek BEZ murrizketari entzungor egin dieten eta prezioak mantendu edo igo dituzten erabateko inpunitatez. Horren aurrean, besteak beste 2023 hasieran Espainiako Gobernuak BEZaren bitartez elikagaien prezioa jaisteko errege dekretuzko legea jarri zuen martxan. Proletalgoarentzat neurri onuragarria izatetik urrun, propaganda izaerako neurri hutsala besterik ez da izan. Azken urteak zerbaitek ezaugarritu baditu, besteak beste bizitzaren garestitze orokorrak izan da. Elektrizitatearen eta gasaren, gasolinaren, elikagaien… prezioek igoera historikoak izan dituzte, eta Hego Euskal Herrian nabarmen jaitsi da eros ahalmena".