Azkenaldian izan diren lan kaleratzeen harira

Azkenaldian, lan esparruarekin lotuta, nabarmendu beharreko gertakariak izan dira, hala nola GRI Castings ixteko eta bertako 61 langileak kaleratzeko saiakera, Domusa Teknikek azken hilabeteetan kaleratutako 60 langileak, Sidenorren aldi baterako lan kontratuen salaketa... Kontseilu Sozialistak gertakari horien harira atera berri duen irakurketa ondorengoa da:

Azken hilabeteotan, lan esparruarekin lotuta, gure eskualdean nabarmendu beharreko hainbat gertakari izan dira: GRI Castings ixteko eta, ondorioz, bertako 61 langileak kaleratzeko saiakera; Domusa Teknikek azken hilabeteetan kaleratutako 60 langiletik gora; Sidenorreko aldi baterako lan kontratuen salaketa; Azpeitiko anbulatorioko langileen egoera... Adibide esanguratsuak dira lan esparruan eman daitezkeen adierazpen gordinenetakoak direlako. Lehen begiratuan ikus daitezkeen gertakari horien atzean, oharkabean, lan eskubide urraketa ugari ematen ari dira. Azken boladan, era horretako hainbat kasuren berri izan dugu Laneko Autodefentsa Sarean ere. Honek guztiak bizitzen ari garen burgesiaren ofentsiba ekonomikoari erantzuten dio: lan baldintzen kaskartzea, eskubide urraketa sistematikoak, kaleratzeak eta bestelako hainbat egoera.

Bada, azken hilabeteotan oharkabean eman dira Domusa Teknik kooperatibako 60tik gora kaleratze. Gertaera horiek agerian uzten dute kooperatibek zailtasunen aurrean hartu ohi duten jarrera, baita ere enpresa eredu hau berdin-berdin probesten dela babesik gabeko langileetaz; langabezia kronikora kondenatuta dauden aldizkako kontratu finkodun langileetaz, kasu. Izan ere, kooperatibak merkatu kapitalistaren legepean autonomoen edo enpresa txiki eta ertain askoren kasuan bezala, langileen esplotaziorako mekanismoak dira, zeharka bada ere. Bestalde, garbi geratu da jarrera hauek Euskal Herrian duten inpunitatea: haien burua langileen defendatzaile izendatzen dutenek ere, ez baitute beren eginbeharra egoera hauei aurre egitea.

Sarritan errazegi jartzen dira aurrez aurre enpresa pribatua eta kooperatibismoa, bataren izaera ilun eta kupidagabea eta bestearen eredu demokratiko eta humanoa. Enpresa pribatua etekin ekonomikoetara bideratuta dagoen bitartean, kooperatibismoak langileen elkartasuna omen du oinarri. Enpresa pribatuak merkatuan inbertitzen duen bitartean, kooperatibismoak gai sozialietan esku hartzen omen du.

Horrelako injustizia egoeretan, baina, konplizitate jarrera hartzen dutenak zapaltzailearen aldean lerratzen dira nahitaez. Gure partetik, aldiz, egoera hau salatzeaz gain, gure babes eta elkartasun guztia adierazi nahi diegu egoera hau jasaten ari diren langile klaseko sektore guztiei, bai enpresa pribatuetakoei, handietakoei nahiz txikietakoei, eta noski, kooperatibetakoei.

Bukatzeko, Laneko Autodefentsa Saretik maiatzaren 27an Azpeitiko Sindikatu Zaharrean tailerra izango dugu, 11:00etan. Bertan langileok gure lanpostuetan ditugun eskubideez eta kaleratzeen aurrean hartu beharreko jarrerez eta hainbat gomendioz arituko gara.

Basakeria kapitalista gelditu! Autodefentsa sozialista antolatu!