Azpeitian izandako azken lan erailketaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2020ko abe. 13a, 10:12

Azpeitian, herenegun, Errastiola zerrategian eraila izan zen langilearen ingurukoei doluminak eman nahi dizkiegu. Bestetik, herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko gonbita egin, eta gertakariaren harira ondoko gogoeta zabaldu nahi diegu:

Kasu isolatu bat izatetik oso urrun, Euskal Herrian urtea hasi zenetik soldatapeko lanean ari zirela 66 lagunek gutxienez galdu dute bizia. Zifra ofizialen bizkarrean, zenbatu ezinezko kopuruak dira soldatapean gertatutako istripuak, bizitza osorako zaurituak, gaixotuak...

Txantaien menpe bizi garenak gara, soldatak jaitsi edo kalera joan, ordu gehiago sartu edo ogi apurrik gabe gelditu, lan erritmoa biziagotu ala mehatxupean izan. Kasurik onenetan, nagusiz aldatzea erabaki dezakegunak gara. Kasurik onenean, zeinen azpian bizi erabaki dezakegunak. Hau honela, egunak joan egunak etorri, irabazien logikak gidaturiko ekoizpen eredu honen ondoriorik gogorrenak erruz ordaintzen ditugu zapalduok.

Hurrengoak, gu edo gure ingurukoak ez izateak kezkatzen gaitu. Etxera bizirik iritsiko ez den hurrengoa izateak edota hurrengo kaleratuak ez izateak. Basakeria orokortu honen aurrean begiak itxi eta behatzak gurutzatzen ditugu, inpotentziaz, sakabanaturik, norbaiti gaitzetik libra gaitzan galde eginez bezala.

Nork lagunduko gaitu bada, ez bada gure egoera berdintsutan daudenak? Kezka berdinak dituztenek? Miseria konpartitzen dugunok? Lankideekiko nahiz gainontzeko zapalduekiko elkartasuna ardatz hartuta edozein lantegi, sukalde eta kale izkinetan lanean ari zareten horien guztien indarrak, konpromisoak eta antolatzeko gaitasunak soilik ekar dezake historiako kapitulu beltz honen amaiera. Hori lehenbailehen gauzatzeko asmoz lan egiteko konpromisoa dugu guk ere. Ez ditugu begiak itxiko.