Martxan da Tutera-Azpeitia egitasmoa

Joan zen larunbatean hasi zen Kilometroen bueltako Kultur Izpien programako Tutera-Azpeitia egitasmoa. Erriberako ikastolen egoeraz zein den ezagutzeko aukera izan zuten txangoan parte hartzera animatu ziren azpeitiarrek. Lehen irteeran, 34 kilometroko etapa egin zuten. 

Otsailaren 17an, larunbatez, hasi zen Tutera-Azpeitia egitasmoa. Kilometroen bueltan eta Kultur Izpien programaren barruan, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean antolatutako ekimena da Tutera-Azpeitia. Tuteratik abiatuta eta Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu ostean iritsiko dira Azpeitira, 2024ko Kilometroak jaia ospatuko den herrira. Bidea bederatzi etapatan egingo dute. Guztira,  250 kilometro egingo dituzte, 6.000 metroko desnibel metatuarekin. Sustatzaileek azaldu dutenez, "Nafarroan euskarak duen egoera eta hango bizilagunek egiten duten lana ezagutzea" da ekimenaren asmoetako bat, eta joan zen larunbatean egindako ibilaldiak horretarako balio izan zuela azaldu dute.

Lehen etapan, hainbat sektoretako euskalzaleekin elkartzeko aukera izan zuten irteetan parte hartu zuten herritarrek. Guztira, bi autobus bete pertsona joan zen Azpeititik Tuterara. Hango plazan elkartu ziren Tuterako Argia ikastolako Gari Urbizu eta Maider Ansotegirekin zein Errigorako eta Agerraldiako Blanca Garcia boluntarioarekin. Ekimena bera aurkeztu zuten Lagun Onak MBko Arantxa Larrañagak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberri antolatzen ari den 2024ko Kilometroetako koordinatzaile Gorka Artolak, eta horretaz gain, euskalgintza Nafarroa hegoaldean egiten ari den lanaren errekonozimentua egin zuten. Azpeititik joan ziren lagunek Urola eskualdeko produktuz osatutako saskiak eraman zituzten Tuterara, besteak beste, Errezil sagarrak eta sagardoa. Trukean, Errigorako eta Argia ikastolako ordezkarien eskutik Erriberako produktuz betetako otarrea jaso zuten askotariko barazkiekin eta arrozarekin. 

34 kilometro, hamaika bizipen

Tuterako plazan elkartu eta trukea egin ostean, argazkia atera zuten egitasmoarekin bat egin zuten kide guztiek. Handik ekin zioten Tutera-Azpeitia egitasmoaren lehen etapari, 34 kilometrotako ibilbideari; Ebro ibaiaren ondotik, Milagroraino. Ibilbidean Gari Urbizurekin, Maider Ansotegirekin eta Blanca Garciarekin hitz egiteko aukera izan zuten azpeitiarrek, eta haiek Erriberan euskararen egoera zein den kontatzeko aprobetxatu zuten. Garciak nabarmendu zuen "hiztun gutxi izan arren, euskal komunitate polita" dagoela Erriberan. Ansotegik eta Garciak, berriz, ikastolaren berri eman zieten hara bertaratutakoei. "Eskualdeko ikastola bakarra izanda, ikasleak inguruko herri gehienetatik etortzen zaizkiela esan ziguten; eta azpimarratu ziguten badutela arazo handi bat: haientzat guztientzat garraioa jartzea oso garestia dela. Diruarengatik euskaraz ikasteko aukerarik ez izatea eragozteko ahaleginean ari direla kontatu ziguten, eta ari direla horretarako ahal bezain beste medio jartzen, baina onartu ziguten arazoa konpontzerik ez dutela lortu, oraindik orain", kontatu dute Ikasberriko ordezkariek. 

Datozen lerroetan, haiekin izandako hizketaldiak:

Zein da euskararen egoera Tuteran?

Garcia: "Tuterak 35.000 biztanle ditu eta 1,4% euskalduna da. Erriberari buruz hitz egiten badugu, euskaldunen kopurua ez da 1%era iristen herri gehienetan. Datu horiekin oso zaila da hemen euskaraz bizitzea, baina euskaltzale komunitate polit bat dago eta euskara babesten duen elkarte eta kolektibo batzuk daude: Tuterako ikastola, AEK, Beterri Peña, Tuterako gazte asanblada, Unión Tutera futbol taldea, HaizeHegoa elkartea...

Hegoaldean euskararekiko pertzepzioa beti txarra izan da, beti begiratu gaituzte pena begiekin, pentsatzen zein zaila izan behar den hemen euskalduna izatea. Nire ustez, pertzepzio hori aldatu behar da, azken urteetan lortu dugunari arreta jarri beharko genioke. Gutxinaka-gutxinaka hemengo egoera hobetzen ari da, eta, zonaldekoek eta laguntzeko asmoz hurbiltzen den jendeak gogoz eta poztasunez hartu behar dugu aurrean dugun erronka".

Tuteran dago Argia ikastola...

Ansotegi: "Erribera osoan euskaraz ikas daitekeen ikastola bakarra da. 12 hilabetetatik 16 urtera artekoentzat daukagu eskaintza. HH, LH eta DBH ditugu. Hau bukatutakoan gure ikasle gutxi batzuk Iruñera joaten dira, baina beste asko hemen geratzen dira eta batxilergoa gaztelaniaz egiten dute. Hemen badaude beste eskola batzuk A eredua dutenak, euskara ikasgai bezala erakusten dutenak. Baina oso oinarrizkoa bakarrik erakusten dute eta ez du balio euskaraz bizitzeko".

Urbizu: "Ikastolan momentu honetan 172 ikasle ditugu. Ikasle hauek Erriberakoak dira, ez dira Tuterakoak bakarrik. Gu eskualdeko ikastola bat gara Villafrancatik, Cabreitatik, Murtxantetik, Cascantetik, Citruenigotik, Coreilatik, Arketasetik, Cabanilasetik, eta beste toki batzuetatik etortzen zaizkigu.

Gure arazo handiena da, eta hori aipatzea nahiko nuke nonbait, eskualdeko jende horri guztiari garraioa jartzeak kostu handia duela ikastolarentzat. Ikastolen elkartetik laguntza handia jasotzen dugun arren, ikastolako familia guztiok gure poltsikoetatik dirua jarri behar izaten dugu gastu guztia ez dadin herri horietatik datozen familien gain erori".

Hona hemen hurrengo irteeretako ibilbideak eta datak:

  • Martxoak 16: Milagro - Faltzes 22 km
  • Apirilak 13: Faltzes - Lerin 23 km
  • Maiatzak 11: Lerin - Iratxeko Monasterioa 30 km
  • Ekainak 23: Pilatosen balkoia - Lizarragako mendatea 30 km
  • Ekainak 22: Iratxeko Monasterioa - Pilatosen balkoia 27 km
  • Uztailak 6: Lizarragako mendatea - Etxarri Aranatz 27 km
  • Irailak 14: Etxarri-Aranatz - Beasain 30 km
  • Urriak 19: Beasain - Azpeitia 27 km