Hauxe da despedidea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Gurrutxaga 2020ko ira. 5a, 09:42

Jon Gurrutxagak 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aroka dira bizitzan zenbait kontu, eta leiho hau hemen itxiko dela erabaki dut. Hauxe da despedidea, beraz. Duela bi urte, bi hilean behin iritzia eman nezan proposatu zidaten Uztarriako lagunek, eta gogoan dut errespetu sentsazioz eman niela baietza. Hitza eman nuen, oso ondo pasatu dut idazten, baina egia osoa aitortzera, epeek behartu naute pantaila aurrera. Estimatu egin dut, hala ere, motorra martxan jartzeko akuilua, utziaren utziaz herdoiltzen den torlojua da garuna, eta batzuoi beharrezko zaizkigu estuasuntxoak adimena sorkuntzara bideratzeko.

Iritzia ematea kontu serioa da, eta, artean bezala, edozer ez da balekoa. Benetako ardura da besteengan eragiteko gaitasuna ematen dizulako; testuinguruaren araberako pisua daukana, baina ardura beti. Horrez gain, errespetua zor zaio zu irakurtzeko bere denboraren zati bat hartu duen edonori. Kezka handiz bizi izan ditut azken puntuok leiho hau zabaldu zitzaidanetik. Hausnarketaren azken eskaileran kokatzen dudalako, gutxienez bi fasetakoa behar luke, nire ustez, ondo bideko iritzi-emate prozesuak.

Barrura begirako fasea aurrena; gaiaren gaineko informazioa, eztabaidak eta adituen hausnarketak ezagutu eta ulertzen saiatzea, geure galbahetik pasatzeko, gero. Jardungo dugun eremuaren nolabaiteko kontrola edo ezagutza eskuratzea, alegia. Ahalmenaren araberako baieztapenak egitea garrantzizkoa da fase horretan, oinpeko lurra sentitu, betiere.

Bigarren fasea, berriz, kodea erabakitzea da. Nola planteatuko ditut argudioak, zein izango da lexikoa, zein testuaren estetika... Aurreneko fasea bezain hausnartua litzateke bigarrengoa, nire iritzigintza ulertzeko maneran. Erretorika, burdinezko egia handien arreba txikia, erabat gutxietsia delako susmoa dut, ez egia handiak ukatzen ditudalako edo dogma hutsetara murrizten ditudalako, hiru mila karakteretako gozokiak desio ditudalako baizik, espero ez ditudan bertsoak edo akordeak desio ditudan beste.

Belarriak zabal

Esan ditugunak, esango ditugunak bezalaxe, geure buruaren hein bateko justifikazioa direnik ezin dut guztiz ukatu. Normala da, gainera, eta ia ezinezkoa tentaldian ez jaustea. Elegantzia gehiagorekin edo gutxiagorekin egin daiteke, panfletotik diskurtsorako espazio zabalean. Kontua da zenbateraino gauden prest gure egiak ezbaian jarri eta besteenekin geurea moldatzeko. Iritzia ematea lerratzeko modu bat baino ez da, halere; eginez esatea, eguneroko bizitzan posizionatzea, eta posizionamenduaren zergatia kritikoki berrikustea, puskaz baliotsuagoa da ahoz gora esan dezakegun edozer baino.

Jardutailea baino irabazi asmorik gabeko ekintzailea da aurkitu nahi nukeen jende modua. Errespetuzko eztabaidarako belarriak zabal beti, eta behar denean hitz egiten dakiena. Pare bat argi-urtetara nago, baina hara nahi nuke abiatu. Eta horretarako, pixka batean isilik egoteak kalterik ez dit egingo, inori ez dio egiten. Plazera izan da lagunok; laster arte.