Soka luzean

Pirritx, Porrotx eta Parrat

Erabiltzailearen aurpegia Janire Alkorta 2022ko uzt. 12a, 08:15

Janire Alkortak 2022ko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Batzuk isilak, besteak zaratatsuak, bateren bat goiztiarra eta nahi baino gehiago usaintsuak. Baina den-denok botatzen ditugu mota eta kolore guztietako puzkerrak. Batez beste pertsona bakoitzak 0,5 eta 1,5 litro gas askatzen omen ditu egunean puzker moduan, 12-25 dosi txikitan.

Dirudienez, puzker moduan askatzen ditugun gasak hiru modutan sar daitezke digestio aparatuan: jateko orduan sartutako airearekin, digestio azidoaren ondorioz eta bakterioen hartziduraren bitartez. Puzkerren %99 usainik ez duten gasez osaturik daude: besteak beste, oxigenoa (O2), nitrogenoa (N2); karbono dioxidoa (CO2), hidrogenoa (H2) eta metanoa (CH4). O2 eta N2 airetik sartzen dira gure digestio aparatura, eta gainontzekoak, batik bat bakterioen fermentazioan (hartziduran) sortutakoak dira. Adituek diotenez, usain txarreko gasak osagaien %1 baino ez dira, eta normalean, sufre atomoren (azido sulfihidrikoa, metanotiola eta dimetil sulfuroa) bat duten molekulak izaten dira, baina nitrogenodun konposatuak ere izan daitezke usain txarrekoak.

Puzker bakoitzaren konposaketa jandako elikagaien araberakoa da. Egunean zehar digeritzeko zailak diren elikagai gehiago jaten baldin baditugu, bakterioek lan gehiago edukiko dute, eta ondorioz, gas gehiago eratuko dira, puzker festa sortuz. Elikagai horien multzoan sar ditzakegu zelulosan aberatsak direnak (zuntzetan eta elikagai integraletan aurkitzen da), sufredun konposatuak (azalorea, brokolia, azak, eta abar) eta digeritzea kostatzen zaion almidoia duten elikagaiak (dilistak, babak, ilarrak eta abar).

Eta egia al da puzkerrak sukoiak direla? Ba bai. Josu Lopezek Zientziakaiera blogean ondo azaltzen duen bezala, errekuntzaren arduradun nagusiak hidrogenoa eta metanoa dira. Beraz, konposizioaren araberakoa izango da puzker bakoitzaren sukoitasuna. Seguru nago bat baino gehiago saiatu zaretela lagunaren puzkerrak erretzen. Ba jakin dezazuela, kolore urdineko garrek metano kantitate handiagoa izaten dutela, eta hidrogeno gehiago dutenek, berriz, horixkagoa.

Eta puzkerraren soinua zergatik aldatzen da? Puzkerrak denok botatzen ditugunez, ikerketa lan horiek zuei utziko dizkizuet. Has gaitezen ba!