Soka luzean

CHaO C8H10N4O2

Erabiltzailearen aurpegia Janire Alkorta 2021ko aza. 3a, 08:27

Janire Alkortak 2021eko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Arazo bati aurre egiteko lehen pausoa arazo bat daukagula onartzea omen da. Eta bai, etengabe produzitzeak plazera ematen dion gizarte honen partaide aktiboa naiz ni ere. Nire errendimendua jaitsiko den beldurrez edo, ezin naiz etxetik atera nire lehen kafeina (kafetan) dosia hartu gabe. Harreman toxiko bat, mozkortzea edo igande arratsalde osoa pelikula txarrak ikusten egotea bezalakoa da niretzat kafea. Badakit ez didala egiten inongo mesederik, baina kontsumitzen jarraitzen dut. Eta dirudienez, ez naiz bakarra. Urteroko legez, ikasturte berriarekin, helburu berriak (%99ko probabilitatearekin beteko ez ditudanak) ezarri dizkiot nire buruari. Eta horietako bat da kafeina kontsumitzeari uko egitea.

Kafeina alkaloide bat da, eta alkaloideak (kokaina, morfina, heroina eta abar) landare jatorriko gai organiko, nitrogenodun eta alkalinoak (basikoak) dira. Kafeina, pestizida naturala izanik, landare tropikal askok sortzen dute. Harrapakarien nerbio sistemari eragiten dio, eta horiek landarea jateari uko egiten diote.

Kafeina purua orratz formako nahiz kolore eta usain gabeko hauts garratza da. 1819an isolatu zen kafetik, baina bere egitura (C8H10N4O2) ez zen deskribatu 1875 arte (Hermann Emil Fischer, Kimikako Nobel saria 1902an). Ondo dakizuen moduan, kafeina lortzeko iturri nagusiak kafea, tea eta kakaoa dira, eta lehen aldiz, Etiopian, Txinan eta Hego Amerikan erein ziren, hurrenez hurren. Kafearen eraginaz Yemeneko artzainak ohartu ziren V. Mendean, kafeondoaren fruituak jaten zituzten ahuntzak bizkorragoak eta geldiezinagoak zirelako.

Kafeina munduan gehien kontsumitzen den substantzia psikoaktiboa da. Neurrizko kafeina kontsumoak alerta egoera, esna aldia eta energia sentipena igotzen dituela baieztatzen duten ebidentzia zientifikoak daude. Baina, zoritxarrez, gehiegizko kafeina kontsumoak –egunean 500 miligramo edo gehiagok– intoxikazioa eragin dezake, urduritasuna, insomnioa, takikardia eta nahaste gastrikoa azaleratuz. Gainera, 10 gramo kafeina hauts kontsumituz hil egin gaitezke. Adituek egunean 400 miligramo kafeina baino gutxiago kontsumitzea gomendatzen dute, baina balio hori oso aldakorra da pertsonaren arabera.

Kontuan hartuta kafe katilu bakoitzak, batez beste, 100 miligramo kafeina dituela, edari energetikoak 80 mg/250 ml, te beltzak 25 mg/100 ml, txokolate beltzak 68 mg/100g eta Coca Colak 4 mg/330 ml, non aurkitzen da zure eguneroko kontsumoa? Nirea gomendatutako dosiaren azpitik egon arren, zeharo garbi daukat kafe tanta bakar batek ere ez didala onik egiten. Batzuetan, ez dago denbora hartu eta geure buruari entzutea baino gauza hoberik. Has gaitezen ba!