Soka luzean

EPA, APA, IPA

Erabiltzailearen aurpegia Janire Alkorta 2021ko eka. 3a, 08:07

Janire Alkortak 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

—Zer nahi dun edateko?

—IPA bat.

—Zer dun hori?

—Garagardo mota bat.

—Eta zer din berezia garagardo horrek?

Erantzuna ez jakitean ohartu nintzen zer gutxi dakidan garagardoen inguruko kimikari buruz. Denok dakizuen bezala, garagardoa garagarrez eginiko edari alkoholdun bat da, eta alkohola, hartzidura (fermentazio) prozesu baten ondorioz sortzen da. Fermentazioa? Fermentazioa prozesu biokimiko bat da, non substantzia organiko bat beste batean bilakatzen den energia lortzeko. Sortutako produktuaren arabera, fermentazio mota desberdinak daude, baina ezagunenetarikoak fermentazio laktikoa eta alkoholikoa dira. Bi fermentazio horietan, glukosa molekulak (azukrea) baldintza anaerobikoetan (oxigenorik gabe) degradatzen dira, azido laktikoa eta etanola sortuz, hurrenez hurren.

Garagardoak lau osagai magiko izaten ditu: garagarra, ura, legamia eta lupulua. Garagarra glukosa iturria da. Beraz, ezer egin aurretik, garagarra uretan jarrita, glukosa ateratzen da aleetatik. Legamia, bizirik dagoen mikroorganismoa, arduratzen da glukosa molekulak alkohol bilakatzeaz. Eta, azkenik, lupulua. Marihuanaren familiako landare horren lorean aurkitzen den lupulina hautsak usaina eta mingostasuna ematen dizkio garagardoari. Horrez gain, egonkortzaile ezaugarriak ditu. Lau osagai horien kantitateekin eta fisika-kimikarekin jolastuz, garagardo desberdinak ekoizten dira: IPA, APA, Pilsner, German Lager, Stout eta burura etortzen zaizkizun garagardo mota horiek guztiak.

Baina ea, zer da hain modan dagoen IPA? IPAk –Indian Pale Ale–, izenak ondo adierazten duen moduan, pale ale motako garagardoak dira. Alek, glukosaren fermentazioa goiko partean eta giro tenperaturan gertatzen dela adierazten du (garagardoak nagusiki bi taldetan banatzen dira, ale eta lager), eta palek garagardo argia dela. Eta Indian? Dirudienez, britainiar jatorria duten garagardo horiek Indiara bidaltzeko asmoarekin sortu zituzten lehen aldiz XVIII. mendean. Indiara iritsi bitarteko sei hilabeteko bidaian garagardoek ondo iraun zezaten, garai hartako garagardoei baino alkohol eta lupulu kantitate handiagoak gehitzen zizkieten.

Eta beste garagardoen inguruko istorioak eta ezaugarriak? Oinarrizko kontzeptuak jakinik, has gaitezen zer edaten dugun ulertzen!