Xabier Chico: "Añares Rioja ISBren aurredenboraldia ona izan da"

Erabiltzailearen aurpegia da hau Iraurgi Saskibaloi Taldea | Kirolak
2016ko ira. 28a, 15:55

Iraurgiren emakumeen talde nagusiak zapatuan, urriak 1, hasiko du LF2 ligako 2016-2017 denboraldia; Galizian estreinatuko dute txapelketa, Celtaren kantxan. Denboraldia hastear dela, Xabier Chico entrenatzailearen burutapenak jaso ditugu.

Xabier Chico. (ISB)  Ikusi haundiago | Argazki originala

"Taldearentzat entrenatzaile aldaketa, neuretzat ere aldaketa, lehen mutilekin orain neskekin, liga berri bat... Zalantzarik gabe, bai niretzat eta bai taldearentzat, pizgarri ugari denboraldi berriaren atarian.

Uztail amaieran hasi ginen, etxeko neskekin: Garazi, Intza, Eider, Irati, Maite, Oihane eta Itxaso, Aranurreko juniorrekin batera (Larraitz, Miren, Izaro, Amaia). Astebete beranduago Tamara, Laura eta Alexis etorri ziren.

Taldearen bizkar-hezurra iazko bera da, liga nagusian aritu zen taldea. Bost aste hauetan goizetan lan fisikoa egin dugu eta arratsaldeetan lan taktikoa. Amaierarik ez zuten asteak izan dira, baina espero dezagun nahi ditugun emaitzak lortzeko baliogarriak izango direla.

Lau entrenamenduko asteak, eta batzutan lagunarteko partida bat edo bi ere bai. Horri esker, taldea asko indartu da, aurredenboraldian Barakaldon jokatu genuen partidatik edo Ibaizabalen aurka Euskal Koparako jokatu genuen sailkatze neurketatik. Tartean, Durangon Baque torneoa eta, amaitzeko, iragan asteburuan Logroñon izan gara, Campus Prometeren aurka neurtuz.

Egiario zor, Luis Katxi-k eta biok giza-taldeari ezer gutxi gehiago eska diezaiogu, aurredenboraldian egin duten lana kontuan hartuta. Hobeto edo okerrago jokatuko genuen, gehiago edo gutxiago asmatuko genuen, baina taldeak betiko izaera mantentzeko, hobetzeko, beti erakutsi izan duen grina erakutsi du eta hori urteari aurre egiteko garrantzitsua da guretzat. Añares Rioja ISBren aurredenboraldia ona izan da".

Asteburu honetan liga hasiko zaigu Galizian. Aurreneko partida Celtaren aurka jokatuko dugu. Jokalari asko fitxatu badituzte ere, haien muina ere gutxi aldatu da, etxeko jokalari berdinekin jarraitzen baitute.

Aurten, gure helburua modan dagoen 'partidaz partida' joatea izango da. Liga nagusitik gatozen arren, lehenbailehen liga berrira egokitu behar dugu. Mailari eustea izango da helburu nagusia. Play-off-etako postuetatik gertu ibiltzea litzateke beste helburu bat; baina, oinak lurrean izanda, mailari eustea izango da gure erronka nagusia.

Azkenik, gustatuko litzaidake taldeak Azpeitiko eta Azkoitiko jarraitzaileengandik babes berdina izatea. Gure ahaleginarekin eta gogoarekin ez duzue aitzakiarik izango.

Egurre, Añares Rioja ISB!".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu