Bost dira dagoeneko

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko ots. 22a, 10:31

Sammic-ek landutako garaipena eskuratu du Granadan (74-80). Iker Buenoren mutilak partidari buelta emateko gai izan ziren eta lan eginez gero edozeini irabazteko kapaz direla erakutsi dute. Play off-etara begira beste pauso bat eman dute. 

Talde batek lan egiten duenean eta lan horretan sinesten duenean, emaitza positiboak iristen dira, esfortzuak eta bihotzak sortzen duten sinbiosi horretatik. Gure taldea maila honetako kantxa zailenetako batean irabazteko kapaz izan zen larunbatean, Iraurgi estiloan: sufrituz. 

Larunbateko partida azken norgehiagoken antzera hasi zuten ISBko jokalariek, despistaturik eta kantxan agertu ezinik. Etxekoek markagailuan lehen aldeak zabaldu zituzten eta partidaren erritmoa markatu. Marcius eta Semple erasoan agertzen hasi ziren eta denbora aurrera gure mutilak partidan sartzen joan ziren. Defentsa gogortzeaz gain, aukerak sortzen eta konfiantzaz betetzen hasi ziren. Sempleren hiruko batek Granadakoen lehen ihesaldia gelditzea ahalbidetu zuen. 22 eta 18 Coviranen alde.

Bigarren laurdenaren hasiera intentsitatez josia egon zen. Gure mutilek defentsa maila igo ahal izan zuten eta etxekoak guztiz blokeatuta gelditu ziren. Sammic-ek asko estutu zuen 1x1eko defentsan nahiz pase marretan. 0 eta 14ko ikaragarri batek harmailak betetzen zituzten 4000 zaleak mututu zituen eta ISBko jokalariak markagailuan aurretik jarri ziren. Castillo eta Martinezen bi jokaldik Pinen mutilak pizten zituela zirudien, markagailua estutu eta Sammicen bolada ona puskatu zutelako. 11 eta 20ko partziala Iraurgirentzat, 5eko aldearekin aldageletara. Semple (12 puntu /9 errebote) eta Cirkovic (2 hiruko/2 errebote) taldetik eraginkorrenak. 

Atsedenaldiaren ondoren, bi taldeek zuhurtzia gehiagorekin jokatu zuten. Sammic-ek ondo jarraitzen zuen defentsa lanean eta erasoan ere bataz besteko onak lortu zituen. Coviranek ere antzeko jokoa erakutsi zuen, defentsan ondo eta erasoan ere saskiratze onak lortuta. Parekotasun horrek, baina, gipuzkoarren alde egiten zuen, markagailuan aurretik jarraitzen zutelako eta horrek egoera kontrolatzen utzi ziolako. Fisikoki oso gogorra izan zen laurden hori eta argi gelditu zen partidatik at minutu bakarra gelditzen zen taldeak norgehiagoka galtzen amaituko zuela. 20 eta 17ko partziala etxekoen alde, baina Sammic-ek aurretik jarraitzen zuen markagailuan (53-55). 

Handi baten aurka jokatzen duzunean ezin duzu segundo bakar batean arnasa hartu. Gure mutilek txinpartarik gabe hasi zuten azken laurdena, bazirudien espirituak alde egin zuela eta 8 eta 0ko partzial batek oso ukituta utzi zuen taldea. Granadak argi izan zuen partidako momentu erabakigarria izan zitekeela eta hortzak estutu zituen. 63 eta 57koarekin markagailuan eta zaleak guztiz berotuta, Iraurgirentzat gauzak oso ilun zeudela zirudien. Baina horiek dira lanean fedea duten taldeak hazten diren momentua eta gureak ere hori egin zuen. Xabi Orozen lana erabakigarria izan zen laurden horretan. Azkoitiarrak defentsan erakutsi zuen oldarkortasuna eta erasoan izan zuen efikazia (7 puntu laurden horretan) Sammicen lana hobetzearen gakoak izan ziren. Xabik eta Sandik bizkar gainean hartu zuten taldea, garaipenera eramanez. 21 eta 25eko partziala gure mutilen alde. 

Lehiaketa dagoen moduan, bi partida jarraian galduta sailkapenean oso behera joan zaitezke. Sammicen lehen helburua kirol proiektu gipuzkoar hau mailan mantentzea zen eta hori lortu da dagoeneko. Hurrengo pausua play off-ak matematikoki ziurtatzea izan beharko luke eta hori lortu ondoren hasiko gara datorrenean pentsatzen.


Saskiratzaileak 22-18 / 11-20 (33-38) / 20-17 / 21-25
COVIRAN GRANADA: Lopez (3), Garcia, Hernandez, Garcia P, Martinez (17), Perez (2), Fernandez (11), Stone (1), Castillo (30), James (10), Fernandez J.A
SAMMIC ISB: Sarasola, Oroz (14), Arenaza (2), Cirkovic (12), Gutierrez (3), Maiza (4), Segurola (1), Guridi (1), Skouen (3), Semple (20), Marcius (20)