Lander Lasaren eskutik seigarrena

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2013ko urt. 6a, 22:46

Azpeitia Azkoitia ISBk 84 eta 73 irabazi du Lander Lasak egindako azken laurden ikusgarri bati esker. Tolosarrak 25 puntu eta 35eko balorazioarekin amaitu du.


Argazkia: Iraurgi SB

Urte berriaren hasierarekin, 2012 bukaerak utzitako sentsazio txarrak alde batera utzi eta garaipenaren bidera bueltatzeko asmoz Azpeitia Azkoitia ISBk Grupo Eulen Carrefour El Bulevar de Ávila taldeari irabazteko gogo biziz kantxaratu da gaur. Seigarrena zazpigarrenaren aurka, biak ere bost garaipen eta beste horrenbeste porrotekin eta berriz ere gora begira jartzeko garaipenaren bila. Partidu polita espero zen eta horrelakoa izan da. Minutu eskas batzuk izan dituzte gipuzkoarrek hirugarren laurdfenean, baina orokorrean neurketa serioa jokatuta zaleei zor zieten garaipena lortu ahal izan dute.

Lehen minutuetan, taula azpian min egiten saiatu dira etxekoak. Beñat Barberenak (gaur titular) eta Pantinek eraman dute pisu gehiena erasoko jokoan eta nahiko emankorra izan da gainera, puntuak lortzen ez zituztenean faltak ateratzen zituztelako alde. Beste aldean baina, Luettgerodt gidari zuten Avilakoek eta berak sortzen zituen abantailetatik edan du taldeak. Gainera, azken partiduetan Iurgi Caminosenek izan duten gabezietako bat errepikatu da: errebotean nagusi ziren kanpokoak eta horrek bigarren eta hirugarren aukera batzuk eman dizkie Armando Gomezenei. Gutxika-gutxika bere jokoa sendotzen joan da Iraurgi eta Kearseren sarrerarekin erreboteko lana hobetzen ere hasi da. Horri esker hiru-bost puntuko abantailarekin ibiltzea ahalbidetu die etxekoei. Gainera gauza on bat lortu dute Caminosenek: kanpotarren barruko jokoa faltaz josi ahal izan dutela. Laurdenaren amaieran : 17 eta 14.

Bigarren laurdena hasi eta berehala zabaldu du zuloa Azpeitia Azkoitia ISBk. Defentsa sendoarekin kontraerasoan irten ahal izan da behin eta berriz. Guridik eta Lasak behin eta berriz aurkitu dute kanpokoen defentsan zuloa eta atzean, batzuetan zonakako defentsarekin besteetan banaz-banakakoarekin zoratu egin dituzte Avilakoen eraso aukera guztiak. Serio zebilen etxeko taldea eta 12 puntuko abantaila lortu du di-da. Baina dena ez zegoen egina noski eta Armando Gomezen taldeak gauzak zailtzeko asmoa erakutsi du. Lana egin beharra zegoen eta horrela egin dute gipuzkoarrek: barrutik Pantinek puntuak lortzen ez zituenean, Lasak edo Justok egiten zuten kanpotik eta abantaila zabala mantentzea lortu dute modu honetara. Atsedenaldian 40 eta 29 zen nagusi Azpeitia Azkoitia ISB.

Iurgi Caminosenek bazekiten lanean jarraitu beharko zutela Araberriren aurka gertatutakoa ez errepikatzeko eta kanpoko jaurtiketak sartzen hasi dira. Motos lehenengo, Justo eta Ibargutxi gero. Erasoan betik lortzen zuen zerbait positiboa, baina defentsan puntuak berdin jasotzen zituen eta hori dela eta abantailak ez du gora egin. Gauzarik txarrena zen Herrero hasi dela partiduaren denboraren jabe egiten eta hori benetan arriskutsua zen. Horregatik Iurgi Caminosek hutsartea eskatu du. Baina erasoko ideia guztiak desagertuta zeuden dagoeneko. Kanpotik jokatuz behin eta berriz, saskiratzeak sartzeari utzi bezain pronto arazoak etorri dira. Avilakoek lanean jarraitzen zuten eta ikusita etxekoak ez zebiltzala eroso, hazi egin dira. Barrutik, sarrera bitartez eta kanpoko jaurtiketetan asmatuta 5 puntura gerturatu dira. Orduan ikusi dute etxekoek baloiak barrura ere sartu zitezkeela eta Pantinek eta Kearsek min egin ahal izan dute eta horrela hirugarren laurdena 58 eta 53koarekn amaitu da.


Azken laurdenean gauzak zail jarriko zirela zirudienean Lander Lasa agertu da. Tolosarrak badaki talde honetan izarra izan behar duela eta izarrek minutu erabakigarrienetan agertu beharra daukate. Agertu agertu da, eta nola gainera. Jaurtitako guztia saskiratu egin du, erreboteak batu ditu eta kontraerasoan ere irten da. Avilakoek ez zekiten nola gelditu eta eskolta gipuzkoarrak 18 puntu sartuta laurden honetan bere taldea garaipenera gidatu du. Azkenean 25 puntu eta 35eko balorazioarekin amaitu du Iraurgi SBrekin bere neurketarik onenean. Lander Lasak beharrezkoa zuen horrelako partidu bat eta baita Azpeitia Azkoitia ISBk, berarekin sailkapenean parekatuta dagoen talde bati garaitzeko kapaz dela ikusita berriz ere gora begira jharri ahal izango baita. Azkenean 84 eta 73. Seigarrena zakuan da jada.

Saskiratzaileak: (17-14/40-29/58-53/84-73)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Justo 8(), Motos (8), Ibargutxi (5), Barberena (6) eta Pantin (14)-bosteko nagusia- Oroz, Kearse (11), Zubizarreta, Lasa (25), Fohler (2), Guridi (5) eta Villegas.

GRUPO EULEN CARREFOUR EL BULEVAR DE ÁVILA: Fall 2(), Luettgerodt (12), Callenbach (4), Herrero (10), eta Smits (10)-bosteko nagusia- Diagne (16), Villena, De Pinto (2), Gonzalez (10) eta Fernandez (7).