Partidutik partidura

Atzo Avila 72 eta 83 irabazi eta gero, bihar Gran Canaria 2014ren kantxan jokatuko du Azpeitia Azkoitia ISBk arratsaldeko 20:00tan (21:00tan penintsulan).

Aste arraroa da hau Azpeitia Azkoitia ISBrentzat. 6 egunean hiru neurketa jokatu behar zituelako batetik eta horietako bat gainera lehen jardunaldian, urriaren 13an, airean gelditu ziren 13,51 minutuak ziren. Aste arraro hau gaizki hasi zuen Iurgi Caminosen taldeak, etxean Cafes Aitonaren aurkako derbya galduta, baina akatsa atzo bertan zuzendu zuten gipuzkoarrek. Izan ere, Avilan, denboraldiko neurketarik luzeenean, garaipen garrantzitsua lortu zuten 72 eta 83 irabazita. Garrantzitsua, aurkari zuzen baten kantxan  11 puntuko aldeaz garaipena lortzeko kapaz izan zirelako, 13,51 minutuko mini neurketa baten burua argi edukitzea ez delako erraza, eta hori lortu zuten, eta garrantzitsu baita ere, oraindik Kopa jokatzeko sailkatzeko aukerak dituelako Iraurgik.

Grupo Eulen Carrefour “El Bulevar” de Avilaren aurkako partidua 53 eta 54ko emaitzarekin hasi zen eta baloi jabetza Iurgi Caminosek zuzentzen duen taldearen alde. Gipuzkoarrek bazekiten topera irten beharra zeukatela, denbora horren murriztuan ez baitago tarterik espekulaziorako. Baina etxekoek ere pentsaera berdina zuten. Armando Gomezenek ere Kopa zuten begiz jota eta aukerekin jarraitu ahal izateko atzo irabazi beharra zeukaten. Horregatik tartea zabaltzea kosta egin zitzaion Azpeitia Azkoitia ISBri. Hirugarren laurdena, edo lehen 3,51 minutuak, 57 eta 62 amaitu eta gero, azken laurdeneko hasierako minutuetan etxekoek estutu egin dute markagailua 67na berdintzea lortu arte. Baina hortik aurrera, Pantin, Kearse eta Lasa agertu dira gaur egun Iraurgi goi aldean egoteko hautagaia dela erakusteko eta di-da batean 0 eta 9ko partziala eginda, neurketa erabakita utzi dute Azpeitia Azkoitia ISBren alde. Denboraldiko neurketarik luzeenean beraz, 72 eta 83 irabazle gipuzkoarrak. 

Bost garaipenekin daude beraz Iurgi Caminosenak orain sailkapenean, liderrarengandik garaipen bakarrera lehen itzulia amaitzeko bi neurketaren faltan. Kopara sailkatzeko ametsa betetzerik bai? Horretarako bi neurketak irabazi beharko lituzkete gipuzkoarrek eta beste emaitza batzuen zain egon, baina amets horietan pentsatzen hasi baino, partiduz-partidu joatea nahiago dute entrenatzaileek eta hurrengo neurketa bihar bertan jokatuko du Azpeitia Azkoitia ISBk. Kanaria Handian izango da, bertako 20:00tan (21:00etan penintsulan) eta sailkapeneko azkenari egin beharko dio aurre: Gran Canaria 2014.

Endesa ligan jokatzen duen taldearen bigarren taldea izanagatik, lehen aldiz dabil jokatzen Zilarrezko Adecco ligan irletako taldea eta badirudi kostatzen ari zaiola txapelketari behar duen erritmoa hartzea. Bataz beste 63,5 puntu besterik ez dituzte sartzen partiduko Pablo Meloren mutilek eta Cafés Aitonarekin batera balorazio gutxien jasotzen duen taldea da, baina badakigu pasa den igandean donostiarrekin zer gertatu zen, beraz ez dago fidatzerik. Egia da kanariarrek zortzitik partidu bakarra irabazi dutela, baina azken hiru asteetan hobekuntza nabarmena izan dute, hain zuzen ere, Samu Dominguez, hegal-pibota taldera bueltatu denetik. Prat estu hartu zuten Katalunian, Palma Air Europaren aurka lehen garaipena lortu zuten etxean eta aurreko asteburuan Oviedoren kantxan azken laurdenera arte bizirik mantendu ziren.  Talde honek ezin izan du orain arte Roberto Guerrarekin kontatu, lehen taldeak dituen arazoak tarteko Herbalife Kanaria Handiarekin baitabil jokatzen; Samu Dominguez ere, taldeko jokalari garrantzitsuenetako bat izanik, min hartuta egon da. Baina hala ere, Christian Díaz eta Fabio Santana bezalako joko antolatzaileekin kontu handia eduki behar da. Diaz da Añatarve Cruzekin (Unelco Tenerife eta Avilako hegaleko ohia) batera saskiratzaile onena eta jokalari baloratuena talde kanariarrean. Baina joko antolatzaileez gain, aipagarria da barruko jokoan dituzten jokalariak. Egia da, Bakary Konate, Walter Tabares eta Mamadou Ndiaye oso gazteak direla eta oraindik egiteke daudela esan daitekeela, baina beheko mailetan erakutsi dute kalitatea badaukatela eta indar fisikoa  erruz dutela.

Beraz, ez da neurketa erraza izango Azpeitia Azkoitia ISBk bihar jokatu beharko duena. Komeni zaio ahalik eta serioen jokatzea eta ahalik eta akats gutxien egitea, bestela seigarren garaipena lortzea ezinezkoa egingo zaie Iurgi Caminosen mutilei.