Izarraizpetik

Txirrista eta zabuak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2024ko mar. 2a, 09:00
(Argazkia: Pixabay)

Irati Arangurenek 2024ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Jolaslekuetan txirristak eta zabuak izan ohi dira haurrei gehien gustatzen zaizkien jolas tresnak. Titiko haurrek, kulunkan jesartzean, emozioz beteriko aurpegia ipini ohi dute; sarri, irriz edo negarrez amaitzen dena. Zenbait ikertzailek diote barre edo negar egitea dela haurrek zirrarak kanporatzeko duten sistema; hori hala, kudeatu ezin dituzten zenbait egoeretan, gaizki egon arren ere, irri egiten omen dute. Emozioak askatzeko helburuarekin egiten dute barre, eta ez eroso daudelako. Zer pasatzen ote zaie burutik eta tripetatik hankagorri horiei zabuan?

Helduok ere parke tematikoren batera joatean, zer atrakzio aukeratzen ditugu? Horrelako tokiak gustatzen ez zaizkigunak bagauden arren, gehiengoari gailu altuenak, azkarrenak eta okerdura handienak dituztenak gustatzen zaizkie. Zergatik ote?

Bizitza bera askotan alderatu ohi da parkeetako errusiar mendiekin, horiek dituzten gorabehera kopurua, malda zuzenen gogortasuna zein errebuelta itxiak bertan presente baitaude. Baina, atrakzioetan gustuko baditugu, gure bizimoduan zergatik ez zaizkigu atsegingarri egiten?

Hori da bizitza, zilipurdika hara eta hona ibiltzea, atzera eta aurrera, kirioak gora eta behera. Horri guztiari abiadura gehituko nioke, noski. Egungo martxak ez baitu Igeldoko suitzar mendiaren antzik, aldiz, bai Furius Bacorena.

Bizialdiko trabatzeetatik askatzen gaituzte jolaslekuetako astinaldiek, barnean gordeta ditugun emozioak mugitzen laguntzen digute; garrasi, negar zein barre bidez, gure barne desoreka ateraz, lagungarri zaizkigu. Batzuetan, behar izaten dugu norbaitek kanpotik gure barrua astintzea, katramila mugitu eta berriz oreka topatzen hasteko. Zaharra bota eta berria eraikitzen hasteko. Adrenalina askatzeak lasaitasuna dakar, eta horixe da gune horietan egiten duguna.

Aurrez esan bezala, parkean hankaz gora ibiltzea atsegin dugu; bizitzan, ez. Gure herriko kanpoko igerilekuan ere txirrista beltza da esanguratsuena; nork aukeratuko luke, ordea, bere egunerokorako bide ilunena eta itsuena? Inork ez!

Jolastokietako egoera katramilatu horiek zirrara bereziak sentiarazten dizkigute, sarri beldurra ere pasatzen dugu, baina horiek gainditzeko bidea ere eskaintzen zaigu. Eta zer da ba bizitza? Bizi mugituak ere zer ikasia, zer ikusia eta zer margotua eskaintzen digu. Aberastasuna bete-betean. Leitzako Peru Harri museoan honako izkribua ageri da: Ez eskatu bizi erraza, baizik eta bizitza konplikatu bati aurre egiteko indarra

Kontuak kontu, jarraitu egunerokotasuneko zein jolaslekuetako zabuetan kulunkan, txirristetan gora eta behera eta mendi errusiarretan hankaz gora. Unean unekoa sentituz, arnasa estutuz eta lasaituz, ikasketaz ikasketa, gozatu. Bizipen margotuak, hala da gogokoenen dudan Benito Lertxundiren abesti baten izenburua. Eta sinesten dut halaxe dela bizitza, kolore anitzez, forma, tamaina eta gardentasun ezberdineko zirriborroz osatutako artelana.