Izarraizpetik

Amatasuna-laneratzea

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2023ko api. 12a, 09:00
(Argazkia: Pixabay)

Irati Arangurenek 2023ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gaueko hamaikak dira, lo hartu duzu eta oheratu egin gara. Esnatu zara, esnatu gara, titia hartu duzu, lokartu gara. Itzartu gara, loak hartu nau. Lokartu zaitut. Esnatu zara, lo hartu duzu. Iratzarri zara, titia nahi zenuen; asebeteta lo hartu duzu eta oheratu gara.

Esnatu zara, eta jostari zaude sehaskan. Orain bai, amaitu da zure gaua, igarri dut. Pertsianaren zirrikitutik datoz izpiak, goxoki argitzen dute gure logela. Ederra da horrela esnatzea, eguzkiak goizean goizetik ongietorria egiteak eguna indarrez hasten laguntzen digu. Hara, goizeko hamarrak. Leihotik ikusten dugun eskolako haurrak jada klasean daude; gu oraindik pijametan, lasai ederrean. Sareta ireki dut gelan argi gehiago sar dadin, eta dagoeneko bakarrik jostatzen aspertzen hasi zarenez, besoetan hartu zaitut. Zatoz nire ohera. Gosaltzeko garaia da, eta amaren bular epela goxoki besarkatu duzu, nik ere desiraz sentitzen zaitut. Azala azalaren kontra, laztana laztanaren truke, biok etzanda, biok eroso, biok goxo-goxo.

Halaxe hasi dugu eguna.

Zer egingo dugu gero? Auskalo. Egokitzen saiatzen gara minutuz minutu. Eguna gure premiei eta desirei ahalik eta kasu gehien eginez igarotzen dugu. Zer nahi dugu? Zer behar dugu? Zure eta gure ongizatea da lehentasuna.

Hainbat hilabete igaro dira "pagotx" horretan bizitzen hasi ginenetik. Orain, ordea, nabari dut badatorrela gozamen honen amaiera. Amaitu dira amatasun baimenak, amaitu dira oporrak, amaitu dira edoskitze baimenak eta amaitu dira eszedentziak. Ama lanera doa. Baina nork du gure etxean ama lanera joateko premia? Amak? Haurrak? Aitak? Nork? Zer behar dago ama etxetik desagertzeko? Maite dut nire lana, eta badut nire ikasleekin gozatzeko gogoa. Baina non geratuko dira hamarrak arte lo egin genezakeen egunak? Gau txarra igaro duzula eta, hiru orduko siesta egiteko aukerarik izango al duzu? Eta ni, hiru ordu –edo bat, edo bi, edo lau edo bost– lo eginda autoa hartuta hara eta hona ibiltzeko moduan al nago?

Goizean lanera joaterakoan haurra sehaskatik atera beharra etorriko zaigu. Arratsaldez joan behar dudan egunetan, berriz, gaueko hamarretan ama etxean falta izatea ere ez da atsegina. Zure gauak eta siestak moztuko dira. Baina lasai, aitak goxatuko zaitu, amonak ere bai. Beti sentitu izan naiz esker oneko hamaiketan oheratzeko duzun ohituragatik; hartara ama etxeratzean beti izango dugu gure tartea. Abestu, ipuina kontatu eta "titi biritin" irribarreak trukatuz goxatzeko.

Kontuak kontu, sarri entzun izan dut amei ongi etortzen zaiela laneratzea, eta eskertzen dutela. Nik ere lanera joan nahi dut, baina egunero egun horretako gure etxeko erritmora joan nahi nuke lanera. Gure erritmotik ateratzen gaituen edozerk eragina baitu gure ongizatean, etxeko elkarbizitzan, laneko produkzioan, harremanetan, digestioan, arnas aparatuan, buru osasunean eta abar. Baina nola lortu hori? Gai potoloegia lerro hauetarako. Bakoitzak egin dezala bere gogoeta.

Matte-matte.