Izarraizpetik

Zaintza

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2022ko mar. 17a, 08:05

Irati Arangurenek 2022ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Euskaldunok aspalditik ditugu arazoak lurraldeen mugekin. Azken bi urteetan, berriz, mundu osoak pairatu behar izan du mugak ezin gainditzearen borroka. Espazio fisikoko mugak asko izan daitezke, bai kontinenteen artekoak, bai estatuen artekoak, baita etxeko logelaren eta egongelaren artekoak ere. Enpatikoak izateko besteen oinetakoak jantzita bizitzea bezalako botikarik ez dago. Logelan hamar egun igaro dituen horren bizipenak nola ulertuko ditut itxialdia terrazadun 120 metro koadroko etxean igaro badut? Kuadrilla ondoko herrian duenaren ezinegona gurasoak bi herri haratago bizi dituenak ulertuko du ondoen. Badoaz mugak arintzen, baina aire euskaldunetik arnasten duenak oraindik kateak tinko sentituko ditu.

Kontuak kontu, gure lagunartean badira bizkaitarrak, gipuzkoarrak, nafarrak eta abar. Eta hankaz gora dagoen gizarte honetako arauak tarteko, gure biltzeko ohiturak asko aldatu dira. Duela aste batzuk elkartu ginen aspaldiko partez, musikaz alaitutako lagunarte jatorrean. Ilargiaren konpainian han geunden afari mokadutxoa egiteko prest. Bazen tartean kide berri bat, gurekin elkartzeko gogoz bertaratu zena. Eta ttak! Afaritarako orduan nire ondoan eseri zen. Kirolari profesionala da bera, eta "zertaz hitz egin behar dugu elkarrekin?", nioen neure baitan. Herri euskaldunetan jaio arren ditugun zaletasunak tarteko, ardi beltza sentitzeaz, lanaz, osasunaz, bizitzaz eta zaintzaz jarduteko beta izan genuen. Iluntze interesgarria. Halatsu esan zuen: "Norberak zaindu behar du bere osasuna, enpresak ez zaitu zainduko!".

Gizarte aurreratu eta modernoan bizi garela esaten da. Azken urteetan aldatu da, bai, egunerokotasunean indartu beharko genituzkeen lehentasunen zerrenda. Eta tartean da zaintza, norbere buruaren zaintza. Ba al dakigu gure burua entzuten? Ematen dizkigun mezuak jasotzen al ditugu? Zer egin nire burua goxatzeko, zaintzeko, babesteko? Ondokoen zaintza ere asko eskertzen da. Kortesiaz, "zer moduz?" esanez agurtzeko ohitura dugu herri honetan, baina zenbatetan da galdera hori mimoz egina?

Ikerrek enpresaren zaintza aipatu zuen, eta egia esan, zorteduna sentitzen naiz lantokian baditudalako bihotzetik zer moduz nagoen galdetzen didaten ikasleak zein lankideak. Badira, bai, konpromisoz galdetuko dutenak, baina baita maitasunetik galdetuko dutenak ere –nahiz eta, agian, ni bezala, sentimenduak adierazteko armadura jantzita izanda, kostatu egiten zaien gertutasuna azaltzea–. Beste batzuk, berriz, beren argi magikoa hartuta etortzen dira zer moduz zauden jakitera. Nire kasuan, magoak hiru baino gehiago dira, eta eskerrak hor zaudeten!

Baina pertsonetatik haratago, badaude hainbat eskuizkribu. Eta dirua tartean dagoenean, akabo zaintza. Nire mahaikide hark bere osasuna enpresari ez zitzaiola axola zioen, eta nire lankide batekin oroitu nintzen. 34 asteko haurdun eta han ibili dugu lantokian, ikasleei klaseak ematen, eskailerak gora eta behera, aldapan gora eta behera. Begietara begiratu eta nekea zen bera deskribatzeko erabiliko nukeen lehen hitza. Bera nekatuta, eta ni inpotentziaz, eskuak lotuta genituelako noizbait legegizonen batek onartutako paperek balio handiagoa zutelako emakume haren osasunak baino.

Aurreratuta eta balioetan hezita gauden gizarte honetan, gogoratu, zeure buruaren zaintza zure kontu! (Eta ingurukoek zaintzen bazaituzte, goxatu!).