Izarraizpetik

Kanpaikadak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2021ko urt. 29a, 08:31

Irati Arangurenek 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar, hamaika eta hamabi! Urteberri on! Jan al dituzue hamabi mahatsak? Kanpaikada bakoitzeko zenbat jan dituzue? Gure etxean badira kanpaia jo aurretik mahats guztiak janda izan ohi dituztenak, baita kanpaiak jota oraindik hasteke daudenak ere. Zuenean ziur badela kanpai erdiak entzutean mahatsak pasatu ezinda eztulka hasten denen bat edo kanpai bakoitzeko ale bat ahoratu eta xanpain kopari aparra jaistean oraindik ere ahoko mazedonia jirabiran darabilenen bat. Mahatsen eta kanpaikaden arteko erlazioak etorkizun oparoan duen eragina handia dela irakatsi digute. Ziur badela hor nonbait ekuazio matematikoren bat harreman estu hori azaltzeko. Hori hala, herritarrok, zer mahats jate egin zenuten 2019 amaieran?

Urte amaieretan ohikoa da komunikabideetan urteko albiste entzutetsuenen berri ematea. Zer berrik ote dute zabalkunderik handiena? Bada, gertakari txarrak eta itsusiak dira irakurrienak. Herriko azken lauzpabost urteetako albisterik ikusienen zerrendei errepaso arin bat egin diet, eta heriotzen berriak daude podiumaren gailurrean; jarraian dator politika, noski. Eta ondoren daude herriko jaiei eta xelebrekeriei loturiko albisteak. Herritik eskualdera, eta eskualdetik harago joanda ere gauza bera gertatzen da berrien podiumean; zergatik? Gizarte honetan badago gaizki egindako hori azpimarratzeko joera; gaizki egindako bi puntuez gogoratuko gara eta ez ongi egindako gainerako zortziez. Gorria da debekuaren kolorea, eta azterketak ere gorriz zuzentzeko joera dugu. Gorriz markatzen dugu gaizki egin duguna. Zergatik ez dugu beste edozein kolorez nabarmentzen hurrengorako hobeto egin behar dugun puntu hori?

2020ko albiste entzutetsuenetara etorriz, podiumaren gailurrean zer gai egongo dela uste duzue? Galdera irekita utziko dut, erantzuna norberak irudika dezala. Pista bat ematekotan, azken urteetan albiste itsusiak baziren garaile, iaz ere hortik urruti ez direla ibili esango dizuet. Sarritan esan izan digute bizitza monotonoa apurtzen saiatu behar garela, ilusio eta aldaketa horrek energia eta alaitasuna omen dakartza. Beraz, azken hilabeteetan zergatik bilakatu dira komunikabideak hain monotono? Aspaldi utzi nion koronabirusari buruzko berriak aurkitzeari. Dena den, zeharbideetatik informazio hori saihestea zaila denez, ez naiz errealitate horretatik guztiz aldenduta bizi izan. Baina egia da, egun batzuez bada ere, albisteetatik deskonektatuta ibiltzeak mesede egiten duela osasunean. Kontuak horrela, 2020. urtea iluna eta tristea deskribatu ohi da. Bada arrazoi potolorik hori hala dela sinesteko. Baina ez al da, bada, arrazoirik egon 2020an zoriontsu bizitzeko? Nik zoriontsu izaten jarraitu dut, nire ametsak betetzen jarraitu dut. Dena den, errealitateari beha, sentitu izan dut debekatuta zegoela zoriontsu izatea, eta nire sentimenduak birplanteatzen ere hasi izan naiz. Zuek ez al duzue horrelako sentsaziorik izan?

Imanol Arregi Iturbideri ikasi nion gauza txarrak behin eta labur azaldu behar direla, eta gauza onak luze eta sarritan kontatzeko direla. Idatz dezagun kopetan aipu hori, eta has dezagun 2021a irribarrez!