Alegria vs alergia

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2008ko ira. 14a, 16:09

Abuztuko arratsalde eguzkitsu baten hondartzan geundela bi ume koxkor, anai arrebak antza, gizonezko batekin gure ondoan jarri ziren. Artean erropak kentzeko zeudela:

-         Aita, kakagurea daukat.

Gizonezkoak, aitak, amorrazioz beteta:

-         Orain, etxetik irten aurretik pixa egin dezunean zergatik ez dezu dena batera egin? – eta kasurik egin gabe arropak toajak zabaltzeari ekin zion.

-         Aita, kakagurea daukat. – izterretik helduz aitari.

-         Segi ba uretara eta leporaino ura daukazunean jeitsi bainujantzia eta bertan egin.

 

 

Ez dakit zertan gabiltzan hainbeste xaboi, txanpu etabarrekin… Behien ere baino garbitzeko produktu gehiago darabilgun garai hauetan, inoiz baino alergia kontu gehiago entzuten da.

 

Udan bat hondartzara joan eta uretara sartzen denean, ura zeharo tratatua egoten da. Aurreko neskatoaren kaka mokordotik hasi, gainontzekoon txixa errekak (txikitatik ikasi genuen denok errekak itsasoan bukatzen zutela), izerdiak, lerdeak, karkaxak, muzkirak, desodoranteak, olio kremak, ileko koipeak, kaspak, zorriak, igurtzitako pomadak, belarri zulotako mermeladak, tripa txuloko bolatxoak, kolonia lurrinak, zaurietatik atera daiteken odola, pusa, hanketako gazta usaiak (zergatik uste dezute ba “hau denk arindue hartu detena” esaten deula bainu baten ondoren? Ba al dakizute ze pisu kentzen deun?), ur azpiko puzkerrak, buruan daramatzagun gomina, lakak, argizaria, euskaldunen erdarak… Denak ontzi berean. Ederra koktela! Eta gu barruan.

 

Hori dena gutxi balitz, itsasoak berak dituenak, arrain ustelak, plastikoak, egurrak, konpresak, industri hondakinak, erregaiak, txapapote hondarrak…Igerilekuetan azken hauek kendu eta kloroaz ordezkatu.

 

Inorri ere ez diot aditu oraindik itsasoko bainuak alergia egiten dionik. Itsasoak sortzen duena alergia ez, alegria da.

Ez ote degu, hortaz, zikinkeri pixkat bat ona izango azalarentzat? Ximaurrari esker baratzak ere bestelako indar bat jasotzen dute.  Arropak gehiegi garbitzearen ondorioz kaskartu egin ohi dira. Gure azalari ere ez ote zaio berdina gertatzen?