Nere lagunak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2007ko aza. 11a, 19:11

Gazte-gaztetan lagun gutxi nituen. Nahikoa nuen gutxi haiekin eta gehiagoren beharrik ez nuen sentitzen. Itxi xamarra ere izango nintzen eta neuzkanetatik kanpo lagun bila ateratzeak ez zidan zirrararik sortzen. Ez nuen nahi.

Bat nuen benetako laguna. Inoiz ere hutsik egiten ez zidana. Asko maite nuena. Bertan gustura, neu neure osotasunean sentitzen nintzana: Azpeitia. Jaiotako lekuan eroso nengoen. Zoriontsu. Txikitako laguna da Azpeitia.

Bazen bat, Zarautz izenekoa, jende askok begi onez ikusten zuena eta nik paketea niona. Akaso bertan besteek bezela etxerik ez nuelako…auskalo!

Nerabezarora iristean lagun berriak egiten hasi nintzen: uda garaian azkenean Zarautzen lagun egin nintzen. 14 bat urte nituenetik aurrera sendiko batek Zarautzen zuen etxea uda batzuetan  utzi zigun eta Zarautz lagun egin nuen.

Donostia ere hor zegoen. Bere presentzia beti inguruan sumatzen genuen. Konpromisozko laguna zen. 18 urterekin Bilbo ezagutu nuen. Bertan bizi izan nintzen 5 urtetako astegunetan eta lagun onak egin ginen. Donostiako edertasunak baino gehiago maitemindu ninduen  Bilboko animazioak. Lagun berriak egiten ditugun askotan gerta ohi den bezela, Donostia baztertuta geratu zen. Nire bizitzan dena Bilbo zen. Herrira itzuli nintzen arte.

Geroxeago Tolosa, Ibarra, Billabona, Zizurkil, Anoeta, Hernani… adiskide egin nituen irakasle lanari esker. Zenbat aldiz bizi guzian inguruan eduki ditugunak ia ezagutu ere ez ditugu egiten, eta behin  bat-batean kontaktu bat eduki eta adiskideak…Atzerrian ere badaude beste batzuk.

 

Azken boladako sorpresarik haundiena Donostiarekin eman det. Azken bi udaretan bertan egun batzuk egoteko aukera izan det. Orain arte konpromisozkoa zena, oraingoan adiskide bihurtu zait. Gutxietsita nuen erabat. Akaso orain arte ia beti eginkizun jakin batetara joaten nintzelako: ikastaro batera, medikuarengana, zeoze erostera, zinera, parrandara…Joan, egin beharrekoa egin eta herrira.

Bertan, udako eguraldi txarrari esker, ibiltzeagatik ibili naizenean, norabide zehatzik gabe pasieran, eguna joan eta eguna etorri, bazterrak miatuz, etxeei begiratuz, itxas bazterrei erreparatuz, liluratuta utzi nau. Pakeak egin ditut hiriburuarekin.

Halere, lagunik onena oraindik ere Azpeitia izaten jarraitzen du.