Paretik kenduko?

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2007ko api. 15a, 15:04

Aspalditxotik eman didate atentzioa, eta amorrazio  franko ere bai, ekitaldi batean nagoenean nire muturren aurrera argazki edo bideo kamera batekin, plix eta plax, protagonisten lana (hizlariena, antzezleena, abeslariena, aurkezleena, bertsolariena, dantzariena…) grabatzen duten kazetariek.

Badaude ba gaur egun makina bat abantaila tekniko, zoom-a esaterako, teknikoki trakets xamar dabilenarentzat irudiak gerturago hartzeko katxarro hoiek daukaten ahalmena, garai bateko katalejo eta kamera biak batean bezela. Ba ez. Abantaila hoiek eta nik ezagutzen ez ditudan bestelakoak eduki arren, ahoko zuloraino joan behar izaten dute. Ondorioz ikus-entzuleei bista oztopatuz eta distraituz.

Kameradunen artean ere denetik dago. Diskrezio osoz beraien lana egiten dakitenak, edukazioz, profesionaltasun paregabez. Lotsagabe galantak ere bai. Beraien buruarekin bakarrik pentsatzen duten hoietakoak.

 

Honekin lotuta, batik bat irrati programa batzuetatik etxeetara edozein ordutan adarra jotzeko hots egite horrek, edo kalean ezkutuko kamerarekin ilea hartzen jarduteak askotan jendearen intimitate eta askatasuna hausten dituela pentsatzen det.

 

Baina aurrekora itzuliaz, profesionalekin gutxi ez balitz, orain “amateurrekin” ere berdina gertatzen da. Bai, bai, zuek eta ni bezelako tipo normalekin. Ezezagunei mesede bat eskatzeko gauza ez gera askotan, baina kamera bat eskuetan badaukagu lotsa eta ezintasunak gainditu eta, harrotasun ukitu batekin batzutan (bidaietan batez ere), grabatu nahi degun irudi/pertsonaren parean baten bat badago, azkar asko esaten diogu kentzeko, traban dagoela jakin araziz. Pixkat egoteko, guk grabaketa egin arte ez hurreratzeko, alegia. Tokirik esanguratsuenak, beraz, di-da batean bakarrik begiratzeko gune bilakatzen ari dira.

Dena grabatu behar honekin, gauzak bizi, patxadan mirestu, gozatu eta geure buruan grabatu beharrean, memori artifizialetan grabatzeko boladan murgildu gera. Biak osagarriak diren arren, zoritxarrez, azkenekoan bakarrik erortzen gera gehienetan. Guk hala nahi izanda edo besteek uzten ez digutelako.