Nos estás tomando el pelo, ¿no?

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2007ko ots. 6a, 16:02

Ia 5 egun elkarrekin egin ondoren esan zigun. Ordura arte, ni behintzat, oso ondo eraman nintzen berarekin. Ondo sentitzen nintzen bere ondoan. Segituan konektatu genuen. Elkarrekin parre asko egin genuen.

5. egunean, afalondoan, ohitura genuen bezela ilargiaren azpian berriketan hasi ginen. Egunero, gu zazpiotako batek istorio edo pasadizoren bat kontatzen genion elkarri. Orduan bera zen zerbait kontatu nahi zuena: Bartzelonako udaletxean lan egiten zuela. Eta PPko zinegotzia zela.

Adarra jotzen ari al zen galdetu nion. Ezetz. Serio ari zela, berak. Inoiz ez ziola inori kontatu (betiko lagun eta etxekoez aparte) eta konfidantza bazegoela gure taldean eta askatu egin zen.

Beste denak katalanak ziren. Euskaldun bakarra ni. Eskerrak eman nizkion orduan kontatu zigulako eta ez bidaiaren hasieran. Hasieratik jakin izan banu ez dakit hain ondo konektatu izango ote genuen. Bere bizimoduaren xehetasun gehiago eman zituen: bizkartzainak, bilerak eta bilerak, e.a. Ni bitartean harri eta zur.

Sustoa pasatu zitzaidanean galderak eta galderak egiteari eman zidan: zergaitik…? Zer iritzi zuen…? Ez zuen gaian sartu izan nahi. Hurrengo egunetan ere berdin, eta erantzun batzuek oraindik eta ondoez haundiagoa sortzen zidaten. Aznar miretsi egiten zuela esan zidanekoak, esaterako.

 

Pentsatzeko denbora asko izan genuenez, desertuaren erdian, buelta asko eman nizkion neure buruari. Nik, kartzelara boluntario bezela joaten hasi nintzenetik, PERTSONA beste ezeren baino lehenago dagoela defendatu izan dudanak eta gero datoztela bai lapurra, bortxatzailea, iruzur egilea, hiltzailea…, neuk izugarrizko danbatekoa sentitu nuen, neska hark PPkoa zela esan zigunean. Lehenengo zinegotzia ikusi bait nuen eta gero pertsona. Hurrengo egunetan baretu nintzen, eta pertsonarekin lagun izaten jarraitu nuen. Gure adiskidetasunari areagotzeko aukera emanez eta eginez.

 

Bartzelonan izan berri naizenean bazkaltzera gonbidatu nau. Bizkartzaina ondoan dela bazkaltzea zer den probatu nuen. Nire lagunak errespetu osoz tratatu nau eta oso gustora egon naiz berarekin. Baino ez degu hitzik ere egin politikari buruz. Denbora gehiago behar nuen. Biok bakarrik egoteko aukera gehiago. Akaso hala hobe. Pertsonarekin bakarrik hitz eginda