Beilatokian

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2006ko abe. 19a, 16:12

Gogorra egiten da beilatoki batetara joatea. Bakarrik joanez gero oraindik zailagoa. Beldurrak blokeatuta joan ohi garelako: Zer esan? Eta halako ez badago? Negarrez hasten bazait? “Nahigabean laguntzen dizut” esatea… Askotan horrelakoak esanaz ez gera hain geu sentitzen. Beraz, ixil-ixilik geratzen gera besarkada bat eman ondoren.

Zein luze egiten da ixiltasuna, ordea. Amaiezina. Eta ixiltasunean egoten ez dakigunez egoera ez erosoa bihurtzen degu.

Behin ixiltasuna gaindituz gero, gehienetan behintzat, hildakoaren sendikoek, beraiek, eman ohi digute konbertsazioa. Hizketan hasten dira, hildakoari buruz normalean, eta gu ere lasaiago tertulian sartzen gera. Parre egin erazten diguten gertaerak ere gogora ekartzen dira maiz. Amaieran, agurtu eta irteterakoan sentsazio atsegin bat ere geratu ohi zaigu barruan. Egin beharrekoa ondo ateratzen zaigunean sentitzen den satisfazio hori.

 

Atzokoan lagun baten osaba hil zen, etxean beraiekin batera bizitako osaba bat, eta beilatokian izan ginen. Azken hilabete hau nola bizi izan zuten azaldu ziguten familiakoek. Indarrak nola, batek uste ez arren, ez dakigu nondik baino atera egiten ditugula holakoetan…

Gauza polit bat esatea gustuko det antzeko egoeretan, pelikula batean ikusitakoa berau, eta atzo ez nintzenez akordatu, gaurkoan, idatziz bada ere, beraiei zuzenduta doa:

 

C´est la vie pelikulan, hilzorian dagoen amona bati bere biloba txikiak:

-         Amama: zu hildakoan nora joango zera?

-         Ixildu zaite – umearen amak kezkaturik – horrelakorik ez da galdetzen.

-         Utziozu – amonak – zatoz nirekin.

 

Pasieratxo bat ematen zuten bitartean bilobari:

 

-         Gogoratzen al zera itsasoa ikustera joaten garenean itsasontziei begira nola egoten geran?

-         Bai.

-         Itsasontziak alde batetik bestera, atzera eta aurrera ibiltzen dira. Batzuk poliki-poliki urrunduz joaten dira eta behin puntu bat pasatzen dutenean, horizontera iristen direnean gure begi bistatik desagertu egiten dira. Baino guk badakigu itsasoan zehar dabiltzala, oraindik han daudela, ez?

-         Bai.

-         Ba ni hiltzen naizenean itsasontzi hoiei bezelako zerbait gertatuko zait: zuk ez nauzu ikusiko, desagertu egingo naiz, baino ikusi ez arren beti hemen izango naiz. Hemen ibiliko naiz. Zure inguruan. Zu zaintzen.

 

Eta elkarri besarkada haundi bat ematen diote.

 

Goian bego