Hementxe dala!!

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2006ko ots. 21a, 09:02

Din don! Etxeko tinbrea. Goikoa. “Ez ba! Oiñ e nei tokau ber! Ze eingoiat iriki eo kasoik ez?”. Zulotik begiratu det. Etxepeko bat da. “Ez bildurtu, eh!” diar egin diot. Izan ere atea ireki diodanean mozorrotutako Iosu bat ikusi du. A ze piura! Ikasle batek mozorro bat ekarri dit eta probatzen ari naizela ate joka etorri zait. Ikustekoa haren aurpegia! Ridikulo xamarra sentitu naiz. Imajinatzen haizeak atea itxi eta kanpoan geratuz gero? Ta hori ez dakizuela ze mozorro neraman…Hasi dira ba karnabalak nire etxean. Egia esan, aurreko astetik ari naiz zertaz disfrazatu erabaki ezinik.

Festa bereziak dira hauek. Mundialak. Ostegunean Tolosara joango naiz zapatura arte “apopillo”, Erreka baserrira. Gero Azpeitian. Aurten ostiralean ez digute jairik eman. Ba, egin behar bada, lana egingo degu.

Tolosako onena txarangak dira. Gau ta egun guztian zehar txaranga pilo bat ibiltzen da jo batera eta jo bestera. Jo kantu bat eta jo bestea. Herria alaituz. Inguruan saltoka jende andana. Zahar eta gazte. Jairarte ez da inor mozorrotzen. Hala, segituan antzematen diete igande bitartean mozorrotuta joaten diren kanpotarrei. Behin, ostegun gauean “hoiek ez dituk tolosarrak” esan zidaten. ”Kantie jotzeiabe”. Emakumez jantzitako lau gizonezko. Bat biboteduna. Benetako biboteduna. Ezagunak. Azpeitiarrak. A ze parre mordoa egin genuen.

Jaian, astelehenean eta asteartean berriz, denak disfrazatuta. Onak eta ez hain onak. Denetatik. Lan handien emaitzak ikusten dira. Imajinazioa ere bai.

 

Azpeitian neretzat onena astelehen gaua izaten da. Mozorro gaua. (Uztarriako inkestan botu gehien duena Txikiteo Elegante eguna den arren). Askogatik. Urte osorako pilak kargatuta geratzen naiz, trapu zahar baten antzera bukatu arren. Urteko gaurik zoroena izaten baita. Parre gehien egiten dudana. Antzerki zalea izaki, herri osoa antzoki bihurtzen den momentua da. Bakoitzak bere papera borobilduaz. Paperak galdutakoak ere bai… Urte batzutan anbientea jeitsia egon da, baino berriro ere indartu da gau hortako festa giroa. Herri giro ederra egoten da. Jende heldua ere animatzen den festa da. Poza ematen didate.

Txikiteo Elegante eguna ere gustokoa det, baino gutxiago. Onena, egun luzea izaten dela eta, denerako denbora ematen duela. Ahal denerako behintzat bai.

Hau dena borobiltzeko: Hementxe dala, je! Hementxe dala, tralalara…astearte goizeko txaranga. Berezia. Azpeitiarra. Orain 10 urte ospitalean nengoela ere telefonoz entzun nuen. Ohetik. Bezperan ospitalekoei ordu hortan hotseiteko baimena eskatu eta lagun batek bere etxe paretik txaranga pasatzean hotsegin zidan (artean mugikorren moda iritxi gabe baitzen). Elurra mara-mara bota zuen urte hartan.

 

Bukatzeko Azpeitiko tabernariei eskaera bat: Madrazotarrek orain dela 3-4 bat urte Hementxe dala!! kantuaren bertsio bat grabatu zuten eta tabernariei oparitu. Txunba-txunba bertsioa. Ia aurreko urtetan baino gehiago jartzen duten, anbientea izango baitute entzuten den tokietan.

 

ONDO-ONDO PASAU DANOK KARNABALAK!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!