Iepa…aio!

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2005ko aza. 11a, 12:11

Kaixo lagunok! Ttipi-ttapa banoa pasieran eta bestaldetik gizon bat. “Kaso eingo al tzoat? Nun nitxiok? Ze kaso mota eingozoat?”

Ez nago kaskatuta. Ez da gehiegikeria bat ere. Denok egiten ditugun galderak dira. Bakarrik haibestetan egin izanagatik, automatikoki egiten ditugula. Auto eskolan antzekoa gertatzen zen: barruko ispilua zure altuerara egokitu, gero kanpokoa. Zinturoia lotu. Punto muertotik primeran sartzeko enbragea sakatu. Martxan hasteko enbragea askatzen duzun bezela azeleradorea sakatzen hasi eta eskufrenua kendu. Dena batera. Hasieran ezinezkoa ematen du eta orain automatikoki egiten dugu hori dena.

Norbaiti kaso egiterakoan berdina gertatzen da. Bistaz ezaguna baina traturik ez dugun bati kaso egiteko orduan, gauden lekuak garrantzia du: herrian kasoik ez, Azpeititik Azkoitirako bidean ere ez, Xixtiye errekan igual, Xoxote bidean bai. Herritik zenbat eta urrutiago egon orduan eta kaso indartsuagoa egiten diegu ezezagunei. Pentsatu bestela inoiz atzerrian ikusitako azpeitiar bati egindakoaz (ez bait dago azpeitiarrik ikusten ez den bidaiarik). Kuriosoa da benetan distantziak nola gerturatzen gaituen.

Ezagunekin okerragoa izan daiteke. Ezagunen artean beti kaso egiten dutenak daude. Halere badaude kaso argi intermitenteak bezela egiten dutenak. Oraintxe bai, oraintxe ez…

  • Batzuk bistako gabeziren batengatik ikusten ez gaituztelako.
  • Edandakoan oso sinpatiko diren asko, edaten ez dutenean kasorik egin gabe pasatzen dira ondotik. Aurrez gurekin hitz egin izanaz gogoratu ere egiten ez direlako seguraski.
  • Jendea despota dena ere bada.
  • Bere munduan ere joaten dira batzuk eta ez dira zein ikusten duten jabetzen (niri ere gertatzen zait)
  • Autoan doanak bozina jotzen digu eta sarritan argiagatik edo ezagatik ez dugu kotxe barrukoa ikusten, ez dakigu zein den.
  • Okerrenak: zuri begira-begira datozenak, eta parera ailegatutakoan zuk kaso egin eta beraiek bestaldera begiratzen dutenak. A ze amorrua ematen duen. “Nik ze eintzoat ba horri?” Ridikulo sentitzen naiz. Gero jendearekin hitz egin eta “Ah, hiri re bai eh?,uste nian nei bakarrik eite zikala.”
  • Kaso egiteko erabakia hartzen dugunean hurrengo pausua kasoa aukeratzea izaten da. Epa, iepa edo kaixo hitzegiten geratu nahi dugunerako aproposak dira. Aio, gero arte bestea nazkante xamarra baldin bada, edota oso jatorra izan arren kakagureakin gaudenean etxeko komunera bidean, hau da, hitzegiten geratzerik nahi ez badugu. Gazteek (kaso) ardiek bezela egiten dute Iiiiiiiiii.

    Denetan txarrena Agur da. Agur, erdaldunek gu euskaldunak gerala konturatzen direnean, dena erderaz egin eta despeditzerakoan esaten digute. Azpeitiarrak erderaz ari geranean gogor batek ere antzemanten bait digu zein erdaldunberriak geran.

    Pasiera bukatzerako beti azaltzen da erdi ezaguna den norbait. Kaso egiteko lain ezaguna ez, baina kasoik egin gabe bere ondotik pasatzea ere… Horrelakoentzat erabakia aspaldi hartu nuen: dudakoa baldin bada kaso egin. Buruauste bat behintzat kendu. Hurrena arte!