Zein dira hoiek?

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2005ko urr. 30a, 19:10

Koldo: Amaiakin hitz egin du. Hainbeste kostatu eta gero, ia urtebete. Behingoz, zer moduz bizi den, lanean non dabilen edota mutil lagunik ba ote duen galdetzen ausartu da. Pattar pixkatek lagundu dio pausua ematen. Kabitu ezinik dago.

 

Ander: bere gustukoa den musika talde baten kontzertuan dago. Saltoka, alde batetik bestera. Taldean. Bakarka. Bere denak emanda dabil. Ez du ezer behar. Gehiago ezer ere ez. Musika. Hori da orain bete-bete eginda uzten duena. Energiaz betetzen duena.

 

Jaione: Gau osoa agineko minez txikitzen dago. Honi ez pattarrak ezta musikak ere ez dio balio. Ez da musikaz jabetzeko gai. Minak ez dio beste ezertarako aukerarik uzten. Mina. Itzela. Beltza.

 

Ainhoa: goizeko ordubiak eta laurdenetan neska motz eder bat erditu du. Ama izan da. Argia. Poza. Miraria. Negar malkoez jantzi du bere aurpegi berria. Amarena.

 

Mikel: lo egiteko pirulak hartu ditu. Bat agindu eta bi hartu. Hala ere goizeko hiruretan artean esna dago. Lau egun daramatza apenas lorik egiten ez duela. Proba batzuk egin zizkioten joan den asteazkenean eta orain erantzunaren zain dago. Orduak egunak dirudite. Egunak asteak.

 

 

Hau dena gau desberdin batetan gertatu da. Ordu bat batere baliorik gabe geratzen den gau batetan. Bart. Hasierako ordubietatik hiruretara jazo dira goiko historio horiek eta beste mordo bat. Baina dena amets bat izan balitz bezela hiruretan berriro ere ordubiak bihurtu dira. Azken ordua pikutara. Kitto. Bigarrenez ordubiak jo dituenean gauzek beste bide bat har dezakete…

 

Zein dira agintariak sufritzen daudenei sufrimendua beste ordubetez luza arazteko? Zein dira agintariak ilusioak, esperantzak, lorpenak, denak bertan behera utzi eta berriro hasi behar arazteko?

 

Nori interesatzen zaio ordubete atzeratzea? Zein da atzeratze horren benetako arrazoia?