Dikazkan

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Badiola 2005ko urr. 12a, 21:10

Lehengo astean karreratik irten eta ezagun batekin topo egin nuen. Bloglari naizela eta ez naizela, adarra jotzen hasi zitzaidan. Erantzunak nonbait ez dira webgunean bakarrik gelditzen. Astapistola xamarra da berau eta builan ari zenez beste lagun bat gerturatu zitzaigun. Honek ere ordurako blogen berri bazuen. Zalantza bat zeukan ordea: nire atalaren izenak, dikazkan hitzak, zer esan nahi ote duen.

Gure etxean beti entzun izan dudan hitza da dikazkan. Txikitan ikastolatik etxera merienda bila joaten nintzenean  gure ama sukaldean josten egoten zen Kostaldeko trena irratsaioa entzunez. Hori bakarrik zegoenean. Beste aukera, nire arrebak esaten zuen bezela, gaur bai  anbientie!, hau da, gure sukaldean ama eta bere lagunen batzuk josten egotea dizkazkan aritzen ziren bitartean. Batzutean Mª Anjeles, bestetan Maipili, edota Pakita…

Ikerketa txiki bat martxan jarri nuen eta inguruko inork ez du dikazkan hitza ezagutzen. Hiztegietan begiratu (Elhuyar,Lur eta interneten Euskaltzaindiaren Hiztegi batuan) eta han ere arrastorik ez. Amari galdetu eta Maipili, bere lagunaren aita zenak erabiltzen zuela esan dit. Karttoneneko Damianek. Haien etxean josiaz berriketan ari zirenean Damian azaldu eta “earki zaudete dikazkan” esaten omen zien. Hitz egin eta hitz egin, isildu ere egin gabe jarduten degunean dikazkan ari gerala esan nahi du. Jatorria zein duen, auskalo!

Adibide bat besterik ez da hau. Hitz eta esateko era mordo bat galtzen ari dira. Altxor bat daukagu gure zaharrengan eta zaintzen ez baditugu beraiekin batera joango dira denak.

Hau gutxi balitz erderakadak gero eta gehiago entzuten dira gazteen artean. Ia behingoz quedatzeaz aparte hitz zaharrak erabiltzen hasten zareten!