Nahia eta ezina

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2024ko api. 3a, 11:00
(Irudia: Pixabay)

Ione Gurrutxagak 2024ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Beti kontatu izan digute elkartze batzuk ezinezkoak direla; zenbait fusio, nahi izan arren, sekula ez direla posible izango. Hori hala dela frogatzeko, gehienok egina izango dugu betiko esperimentua, ura eta olioa hartuta: nahas-mahas egiteko asmoz astindu eta astindu arren, bakoitza bere tokira itzuliko da ontzia geldirik utzi orduko.

Badira, halaber, bestelako elkarketak, nahiz eta osagaiak bata bestearekin ongi nahasi, batura horretatik ezer itxurazkorik sortzen ez dutenak. Halaxe azaldu zigun guri behin irakasle batek, koloreen ezaugarriak aztertzen ari ginela, gelakide batek galdetu zionean guztiak nahastatuz zer lortuko genukeen: eskura ditugun kolore horiek banaka aztertuta polit eta atseginak diren arren, elkartzean ez diote tasun horri eutsiko; ortzadarraren bizitasun eta distira lortu nahian koloreak bata bestearen gainean jartzen baditugu, espero ez dugun kolore bat sortuko dugu, zerbait iluna, eta zatarra, gainera.

Antzeko zerbait gertatzen da beste hainbat osagai batzean ere, eta emaitzak, askotan, halakoxeak izaten dira, zatarrak. Urrutira joan gabe, modaren munduan maiz ikusten dira halakoak, baina, diseinatzaile handien sinadurapean iristen zaizkigunez, zatarra polit dela sinetsi ere egiten dugu askotan. Kontuak kontu, itxura albo batera utzita, konpondu ezin daitekeen ezer ez da sortuko moda munduko esperimentu horietan, hurrengo denboraldian beste elkartze xelebreren batek ahantzaraziko baititu deskalabrurik handienak ere.

Arazoa, ordea, gu tartean sartzean sortu ohi zaigu: elkarketako osagai bat zerbait lortzeko gure nahi bizia bada eta beste osagaia nahi hori betetzeko ezina, oso bestelakoa izango da emaitza, sarri askotan, zatarra hori ere. Ametsetan bizi gara, gure etorkizuna diseinatuz, gure bizitza perfektua irudikatuz. Eta, horretara iristeko, haizea ez dugu beti alde izaten. Gerta liteke kanpo faktoreek oztopatzea gure bidea; hartara iristeko, gure bidetik irten, eta itzulinguruka ibili beharra; gerta liteke denborari bere bidea egiten utzi behar izatea, gauza bakoitza bere tokira heldu eta gure helburura iristeko modua egin ahal izateko. Baina beste kontu bat da ezintasuna tartean sartzen denean: metro eta erdira doi-doi iritsita, nola izango naiz ni munduko saskibaloi liga handienetako jokalari?

Nahi izaten dugu, saiatzen gara buru-belarri, baina ezin, ezin amestutako emaitzarik eskuratu. Eta, ezintasun hori bizitza osoan geurekin eramango dugula konturatzean, orduantxe etorri ohi dira gainbehera, tristura eta frustrazioa. Hortik aurrera, berriz, bi bide bakarrik: bizitza osoan albokoaren inbidiaz bizi edo ezintasun horiek ahaztu eta dauzkagun gaitasunekin eta eskura ditugun baliabideekin aurrera egin, beste bideren batean barrena.

Zenbaitek norbere nahiak gainerakoen eskubideen gainetik daudela eta desio horiek betetzeko edozein bide zilegi dela sinesten duten garaiotan, bi bide ireki zaizkigu parez pare: penatan geratu, gure ezintasunei errua botaz, aldatzeko modurik ez dagoela pentsatuz, edota aurrera egin, gure gabeziak ezagututa, gaitasunak kontuan izanda, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide asko eskura ditugula sinetsita, eta jakinda, oraintxe bertan, ezina baino indartsuagoa dela aldatzeko nahia.