Geppetto kontu kontari

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2024ko ots. 8a, 08:44
(Argazkia: Pixabay)

Ione Gurrutxagak 2024ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ipuinetan bezalaxe, hala bazan eta ez bazan... amaitu zaigu urtea, eta etorri zaigu berria, batzuentzat azkarregi; beste batzuentzat, ederki kostatuta. Urtearen joanean, baina, guztiok izango genituen momentu onak tarteka, eta ez hain onak nahi baino gehiagotan. Halere, Gabonetara iritsita, ahaztu ditugu horiek guztiak, eta, argi eta gozo artean, urtearen errepasoa egin, eta osatu dugu 2023aren istorioa, mikatz denak ezabatuta gure kontakizunetatik.

Izan ere, badirudi kaleko apaingarriak zintzilikatzearekin batera halako giroa zabaltzen dela gure inguruan, ezen lagun arteko bilkurak antolatzea eta opariak erostea bihurtzen baita egiteko nagusi. Eta ez bata, ez bestea ez direnez lan errazak, hortxe denok burua galduta, gure bizitzan bestelakorik badela ahaztuta.

Urtero kontu bera: zer oparitu asmatu ezin, baina, hala eta guztiz ere, filmetan bezala, beste pertsona horri bizitza aldatuko dion erregaluaren bila denok. Onena opa diogun horrek zaletasun berezirik badu, gaitz erdi, harentzat eros baitaitezke eskiatzeko kaskoa, bizikletaren gurpilak puztekoa edo pintzel eta margoak, baina halakorik ezean, zer? Bada, urtero bezala, galtzerdiak, bufanda eta errepikatutako lurrina.

Bestelako kontuak izaten dira, ordea, haurrak dauden etxeetan: gaur egun, zer eskatzen diote haurrek Olentzerori? Orain dela urte batzuk, boladan egon ziren helduen lanbideetan muturra sartzen hasteko jostailuak: supermerkatuetako kutxazainak, esperimentuak egiteko laborategi txikiak, gozogintza tailerrak, intsektuak aztertzeko tresnak, azazkalak apaintzeko estudioak... Ziur aski, halako opariak jaso zituztenek gaur egun oso bestelako lanbideak izango dituzte, baina seguru jostaketa ederrak izan zituztela garai hartako helduak imitatuz, haztean nolakoak izango ziren imajinatuz. Gauzak asko aldatu dira, ordea, azkenaldian. Zer opari jaso behar du gaur egungo haur batek, etorkizunean izango duen lanbidea oraindik asmatu gabe badago?

Urratsak norantz egingo dituzten jakin ez arren, ezin da ukatu, beste eremu guztietan bezalaxe, teknologia dela nagusi gaur egungo jostailuetan ere, eta adimen artifiziala ez dela atzera begira geratu alor horretan: hasi xake taula digitaletatik eta haurraren jokabideak aztertu eta sentipenak neurtzen dituzten panpinetaraino, ia edozer topa daiteke Gabonetan etxeetako postontziak betetzen dituzten katalogo lodi horietan. Baina arazoa ez dakar sorkuntzak berak, erabilerak baizik. Teknologia hori guztia eskura dutela jaio eta haziko dira, eta, zenbait kasutan, ezingo dute pentsatu ere egin nola bizi daitekeen gizakia garapen horiek gabe. Noren ardura izango da teknologiak bizitza erraztu arren, gure bizitza haren esku ezin dugula utzi irakastea?

Azkenaldian alarmak piztu dira zenbait unibertsitate eta ikastetxetan, eta eztabaida sortu da adimen artifizialaren erabilera okerrak ikasketa prozesuan eta profesionalen formakuntzan nolako eragina izango duen. Izan ere, Pinotxo eta Geppettoren ipuinarekin hazitako haurrek ChatGPTren onurak topatu dituzte, lan gutxiago egiteko parada eman dienez gero: GPTri azaldu zer behar duten, eta hark emandakoa kopiatuta, kito, lanak amaituta! Hori ikusita, oraindik ez al gabiltza garaiz kilker hiztunaren rola jokatu eta biharko belaunaldiak bide zuzenetik eramateko, haur gezurti bihurtu baino lehen?