Urrutiko intxaurrak

Ione Gurrutxagak 2022ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Egutegiko orriari bira eman, txankletak armairuan gorde, etxeko azken hondar aleak garbitu, eta langile gehien-gehienontzat amaitu da aurtengo lasaitasun aldirik luzeena. Oraindik geratuko da norbait ametsetako oporrez gozatzeko atzerako kontaketa betean, edo, egutegiaren orriak astinduz, hurrengo zubiaren peskizan ibiliko da besteren bat, baina gainerakook datorren urtera arte itxaron beharko dugu.

Baliteke honezkero norbait hasi izana pilak kargatzeko hurrengo helmugaren bila, poltsikoko txakur txikiak datorren uda bitartean handituko diren esperantzan: mendia edo hondartza? Hotza edo beroa? Autoz edo hegazkinez? Maleta handia edo bizkar-zorroa? Europa, Asia, Amerika... Hautuak hautu eta helmugak helmuga, errutinatik irteteko aukeratutako toki horretara iritsi orduko, nahi gabe ere, gehienok egingo dugu gauza bera: belarriak zut eta begiak adi, laster aztertuko dugu aldi baterako geralekua, ea Euskal Herriarekin loturarik duen ezer ba ote den inguruan.

Izan ere, kilometroak eta kilometroak egiten ditugu gauza berrien bila, etxekoari ihesi, baina, marka da gero, etxekoaren antza daukan edozerk aise erakartzen gaitu. Eta matematikan ikasitako zuzenki proportzionalak nola, etxetik zenbat eta urrunago egon, orduan eta miresmen handiagoa eragiten digu gure herriarekin zerikusia duen orok. Gure idazleen lanak topatzen ditugu munduaren beste muturreko liburu dendetan; herritik oso hurbil sortutako autobusetan bidaiatzen dugu itsasoz bestalde; ahoa gozatzeko hain etxekoak ditugun produktuak topatzen ditugu... Eta berria zaiguna topatzen ez ezik, zaharra duguna erakusten ere iaioak gara eguzkitako kremaren eraginpean: nongoak garen galdetu orduko, geografo, historialari edo hizkuntzalari bihurtu, eta laster azaltzen dugu mugek banatutako herri batekoak garela, urte luzez iraun dugula hemen, eta gure hizkuntza hain dela zaharra, ezen bakar-bakarrik geratu baita, inguruan ahaide bizirik gabe.

Herritik urrun ibiltzeak zentzumenak zorrozten dizkigu, eta, horri esker, zenbat aldiz egiten dugun topo euskaldunekin –eta are azpeitiarrekin– gutxien espero dugun tokian. Halakoetan, ez dugu hitz asko behar izaten besteak ere gure antzera dabiltzala barrundatzeko, eta, are gutxiago, hizketan hasteko.

Baina, bai gauza bitxia, atzerrian hain ongi funtzionatzen duten gaitasun horiek guztiak desgaitu egiten zaizkigu gure lur hitsetara bueltatzean. Behe-lainoak bizitasun guztia jan izan baligu bezala, Azpeititik irtenda ere, euskaldunak identifikatzeko radarrak kale egiten digu. Eta zertarako galdu denbora aurrean dugunak euskaraz ba ote dakien egiaztatzen? Lehen kolpean buenosdias-ka hasi, eta buruhauste bat gutxiago!

Bada garaia urrutiko intxaurren lilura albo batera utzi, eta etxeko intxaur oskolen barruan begira hastekoa, gordea dagoen guztia ateratzekoa, eta, horretarako, gaineko itxura hautsi, eta barruan zer dagoen jakin behar dugu: susmoak, irudipenak eta radarrak alboratu, eta ekintzetara pasatu. Laster apainduko ditugu paparrak txapaz, baina, bitartean, abiatu gaitezen bidean: egun on baten erantzuna eraginkorragoa izango da beti azaleko itxura baino. Hitzez ekiteko garaia baita.