Eromenetik

Erabiltzailearen aurpegia da hau Iñaki Segurola | Iritzia
2014ko aza. 13a, 10:01

Iñaki Segurola azpeitiar filologo eta idazleak 31 eskutik blogean idatzitako iritzi artikulua da hurrengoa.

Normaltasuneko argi jakinegitik ihesi, eromenera nator gaur argi biziagoaren bila, eta eromen izendun batera gainera: Jon Otero Uribarrenen eromenera, hain zuzen. (Eromenean argi bizia bilatzea bera ere eromena izango da agian: neure eromen edo erokeria, hain juxtu.)

Jon Otero Uribarren ezaguna dut fedabideetara aldian behin bidaltzen dituen gutunetatik, eta gehienbat, Arrasaten suertatzen naizen aldietan, Goienkaria-n irakurtzen ditudanetatik (sarean ere badaude).

Otero Santagedako zoroetxean bizi da, edo dago, edo daukate. Ero ofizial edo deklaratua da, beraz. "Arrasatearra naiz eta Arrasateko San Juan de Dios psikiatrikoan nago". "Hemen gaudenok ez gaude gustura, ematen dituzten farmakoak –gaizki deituak, sendagaiak– ez ditugulako gogoko gehienok. 19 urte daramatzat." Zenbaiten arabera, arrazoiari leialegia izatea da eromena bere muinean; arrazoiari leialegia bezainbat munduari desleialegia. Azio desegokiak egina da Otero, berak aitortzen duenez. "Alacant-eko Fontcalent espetxe­-psikiatrikoan hamar urte eman nituen, guardia zibil bati ebaki bat egin bainion eskumuturrean aizkorarekin"; orobat izan zen "etxetik egotzia, telebista puskatzeagatik". Azio desegokiak edo, bestela esanda, egokiegiak edo arrazoizkoegiak.

Eroak galdetzen dio munduari gauzen izanaz, eta munduak ez daki zer erantzun. Eroak ez du galdetzeko beldurrik, guk dugun bezala. "Zer dira ordenagailuak, mugikorrak, ordulari digitalak" eta abarrak? "Goi teknologia", erantzuten omen dio munduak, baina Oterok ez du barkatzen. "Gezurra: ez dira goi teknologia; mirariak dira." Otero erotzat joa dago eta, beraz, ez du erotzat hartua izateko beldurrik, guk dugun bezala. Eta segitzen du galdetzen, eta ezagutzen ditu "ordenagailuak konpontzera dedikatzen den gizon bat" eta "elektroniko-elektrizista bat", eta galderak egiten dizkie haiei gailu horien gainean, eta erantzuten diote badakitela "nola dabiltzan” eta “nola konpontzen diren", baina ez "nola diren posible". Normalak badaki nola dabiltzan, baina ez daki zergatik (zientziaren ustezko esplikazioak ere ipuin matematikoak dira funtsean); eroak ez daki nola dabiltzan, baina badaki mirariak direla, hots, izanaren eta ezin-izanaren arteko ezkontza harrigarriak.

Gatozen hizkuntzara, bada ordua eta. Telebista ("nire etxean 1971n erosi zuten, 6 urte nituela; gogoan dut zorionak alde egin zidan garaia izan zela"), polizia, psikodrogak eta hemen aitatzeko lekurik ez dugun beste zenbait gauza alde batera utzirik, erdara da Oteroren etsai haundia. Erdara eta erdaldunak, asko behintzat, edo gehienak. "Erdaldunei ez zaie serioa iruditzen euskara, askori". Bere arrazoi desegoki edo arrazoizkoegiak darama proposatzera erauzi beharrekoa dela gaztelera (baina ez ingelesa) hemengo eskola guztietatik eta orobat gizarte osotik.

Jakitea eta maitatzea bi dira Oterorentzat. Erdaldunei ez zaie serioa iruditzen euskara, baina euskaldun askori ere ez, "zeren euskaraz jakiteak ez du esan nahi euskara maitatzea derrigorrez", eta, kontrako aldetik, "nik gaztelera gorrotatzen dut, eta ezin hobeto dakit".

Baina gorroto duen horrexekin bizitzera kondenatua dago Otero. "Euskara maite dut, eta euskaradun psikiatra nahi dut". Eta egin die eskaria Osakidetzari eta Euskadiko Lehendakariari, baina alferrik. Protesta erdiragarria egiten du eroak bere itxituratik. "Itotzen ari naiz erdararekin. Noiz arte?"

Oteroren arabera, "heziketa", "beldurra", "lotsa" eta "pazientzia" dira erdaldunari aurreneko hitzetik erdaraz egitera garamatzatenak, eta horrela "gehiegitan makurtzen dugu burua elebidunok elebakarren aurrean". "Baina hi, zu, berori, euskaldun: bukatu bazaio pazientzia, eta erdaldunei euskaraz egiten badie, lasai, ez baita erokeria." Eroak diosku ez dela erokeria, eta hark badaki zerbait. Baina orobat diosku zer ondorio gaizto dakarren jarrera beldurgabe horrek. "Orain dela zenbait egun hasi nintzen erdaldunei euskaraz mintzatzen. Bada, jantokian esan didate gazteleraz egiten ez badut, astebukaerako baimenik gabe geldituko naizela. Ez da lehen aldia psikiatriko honetan euskaraz mintzatzen naizena erdaldunekin, aurrekoan eguneroko pasea kendu eta bi pilula gehitu zizkidaten. (…) Ez zen ezer gertatzen erdaldunekin (koadernotxo batean idazten nizkien erdaraz gauza garrantzitsuenak), baina kontsulta pasatzea tokatzen zitzaidanean, euskaraz egin eta berehala sartzen zidaten gehienetan injekzio madarikatu bat edo pilulak. Behin Maria Angeles Lopez psikiatrak idatzi zuen: Cuando empieza a hablar en vasco entra dentro de una fase de enfermedad crónica." Aise zigortzen da zoroetxeko zoroa. Eta zer esanik ez, hura baldin bada heziketarik, beldurrik, lotsarik eta pazientziarik gabea. Eta zer esanik ez, ero-hizkuntzan egiten baldin badu, eta ez hizkuntza normal edo serioan. Munduak jakin behar luke bertako hizkuntzan libreki eta zoroki mintzatzen denarentzat zainak zulatzerainoko zigorra dagoela Gesalibarren, Arrasaten, Euskal Deserrian. Euskaraz egin eta berehala, gainera.

Euskara eromenaren ispiluan edo eromena euskararen ispiluan ikusteko eginahaltxo honen azkenerako, Iñigo Jaca Arrizabalaga medikuaren artikulu bateko pasartea dakart. "Medikuntzako ikasle nintzelarik eta Gipuzkoako Ospitale Probintzialean praktiketan nenbilela, Azpeitiko paziente euskaldun bat ingresatu zuten, eta egiten zioten edozein galderari hau erantzuten zien, ez zela gose ["no tengo hambre" edo holako zerbait izango zen; hango jatekoa ez jateagatik beharbada?], gaztelaniaz horixe esateko esana baitzion Zaharren Egoitzako mojak. Historia klinikoa egitera joan zitzaionak esan zigun psikiatrikora eraman beharko litzatekeela. (…) Orain gutxi entzun nion esaten Luis Rojas-Marcos psikiatra ospetsuari, gizarte kulturaniztunetan paziente asko bidaltzen direla erratuta arreta psikiatrikora, bidaltzen dituen medikuak pazientearen hizkuntza ulertzen eta hitz egiten ez duelako." Ezjakintasun harroa eta ezjakintasun umil edo ahula ikusten ditut nik hor buruz buru.

Eta horrela dabiltza gure gauzatxoak, gaitz kronikoaren fasean aspaldi sartuak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu