Tximinoentzako bazka

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2023ko aza. 7a, 08:47
Euskara eta Kulturartekotasuna Azpeitian egitasmoa aurkeztu zuteneko irudi bat. (Maialen Etxaniz)

Imanol Amianok 2023ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hizkuntzak, ohiturek, usadioek osatzen dute, neurri handi batean, norberaren identitatea. Euskaldunok tinko eutsi diogu euskaldun egiten gaituen euskaraz aritzeko ohiturari. Garai batean gazteak soldadutzara joaten zirenean, elkarren anparoan batzen ziren, eta hortik dator gero gazte-hizkeran-edo hain ezaguna (izan) zen gaztelaniazko "la vasca" esamoldea kuadrilla edo lagun-artea adierazteko. Mundu Berria euskal etxez bete genuen. Geureari eusten genion, bai horixe, harrotasunez eta herri-minez, fifty-fifty.

Gurera etortzen direnena, ordea, bestelakoa da. Ez dira adaptatzen. Beren arropa, erlijio eta hirugarren munduko ohiturekin jarraitzen dute, temati. Kostatzen zaie, bai, errealitate berrietara egokitzea. Gure artean bizi dira eta gurera moldatu beharko lukete, baina Meknes, Timbuktu, Djurjura edo Aaaiunera itzultzea dute amets. Herrialde guztietan toki onak badira, baina bihotzak dio zoaz Tegucigalpara. Edo Chacora, Guayaquilera. Bahawulpurrera.

Ikasturtea hastearekin, Euskara eta Kulturartekotasuna Azpeitian egitasmoa herritarren artean ezagutzera eman dute Mondragon Unibertsitateko Huhezik eta Uemak, herriko udalaren, ikastetxeen eta hainbat eragileren laguntzarekin. Izenak ez du zalantzarako tarte handirik uzten: euskara abiapuntu, jatorri atzerritarrekoen konplizitatea da xede, haiei eta beren kulturari zor zaien errespetuarekin uztartuta. Ez dugu beren identitatea galtzerik nahi, gorde dezatela etxeko hizkuntza, izan amazigera, guarania, ketxua, aymara, miskitoa edo panyabia, izan gaztelania, frantsesa edo ingelesa. Horien guztien bigarren hizkuntza izan dadila euskara, euren identitatearen parte izateraino.

Baina aurkiak beti izaten du ifrentzua, eta hurrengo egunean iritsi zen, periodikuen: "Euskadin biztanle etorkinen %72k ez dute uste euskara lanerako behar dutenik", zioen lerroburuak. To kulturartekotasuna. Hainbat izenburu aukeratzea bazuen V. Melok, edo editoreak, edo lerroburu alderdikoi eta bidegabe hori aukeratu zuenak, Begirune Fundazioak egindako inkestan galdetutakoa "EAEn lan egin nahi duten guztiek euskaraz jakin behar dute" baitzen. Hala ere, ezin ezkutatu %83ren iritziz "seme-alabek euskara ikastea garrantzitsua" dela, %72k uste dutela "euskarak ateak irekitzen dituela", eta "aberasgarria dela EAEn bi hizkuntza egotea". Errematea, erdiek uste dute "euskarak EAEn integratzeko balio duela".

Orain, beharbada, argiago izango duzue atzerritar jatorriko biztanleek euskarari buruz duten jarrera, argi dagoena herri honetako me-Meloek duten jarrera baita. Periodikuen kulturartekotasuna ez, monokultura, monohizkuntza da sustatzen dena, betiko monologoa, tximinoentzako bazka, "para la vasca".

Utikan.