Eoliko anonimoak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2023ko uzt. 11a, 08:00

2023ko ekaineko Uztarria aldeizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Gaztetxoa nintzenean, kiniela egiten genuen garai haietan –oraindik ere egiten omen da–, At. Osasuna-Barcelona (1), Real Madrid-At. Madrid (X) –ezin ba biek galdu– eta At. Bilbao-Real Sociedad (2) moduko neurketekin batera, karratutxo gorri haien artean, hamalauko zerrenda hartako amaierakoetan Levante-Las Palmas –orduan bai igotzen genituela eskuak– eta antzekoen artean, bazen talde bat "Avilés Ind." izenekoa. Nik, naturaltasun osoz eta inongo zalantzarik egin gabe, "Avilés Independiente" zela uste nuen; bada ez, Avilés Industrial zen; ez ziren Xixon eta Uvieutik banandu eta burujabetza aldarrikatzen zuten asturiarrak, 80ko hamarkada urrun hartan gertatuko zen industria-birmoldaketa bortitz eta traumatikoari aurre hartu eta izena aldatu nien arren... Beno, kontua da zerrendetan, kinielakoetan ez, hauteskundeetakoetan, "Ind." hori bera ikusi dudala izen batzuen ostean, baina uste dut oraingo honetan behar bezalako irakurketa egin dudala.

Hamabosteko plenoa ez, zinegotzien hamazazpikoa asmatu behar izaten da herrian; aukeran, dominazio burgesa ala klase ertaineko sozialdemokrata asimilatuak; intxaur-biltzaileak ala ignominiaren apostoluak; "Aurrera, batera!" edo "Maite duzun Azpeitia"; ez 1, ez 2 espainiar zintzoentzat, ez eta iPhonedun komunistentzat ere; madrildarren derbian bezala, X; ezin biek galdu. Kiniela garaiotan, zerrendetako independente-industrialek izan zezaketen tiradizoak adinako eragina izango genuen eoliko anonimook emaitzetan: isilean gordeta, haize-erroten aurkako kixoteek gure piaspekotasunaren berri izan ez zezaten, edo, beharbada, alderantziz, haizea sañutik sartzen dutenek ez jakiteko ez dugula iberdrogarik nahi.

Ez dira nolanahikoak izan azken lau urte koarrogatu pandemiko hauek, eta datozen eoliko fotovoltaikoek ere itxura berekoak dirudite. Nuklearrik ez, eskerrik asko, gasa eta petrolioa amaituko dira eta berriztagarriak geratzen zaizkigu. Zer egin? Eguzkia nahi guk hemen, baina haizeak putz. Erraldoiak dira, Sancho lagun hori, bai, eta adingabeen zentroak, espetxeak, atez atekoa edota zabortegiak bezala, ez ditugu nahi gurean. Guk sortutako teknologia-hondakinez egindako mendiak bezala, urruti, Somalian edo Etiopian, edo auskalo non. Baina urruti. Bada oraingoan ez gara libratuko. Capital Energyren eredua edo Starkraftena izango da, petronor baino nor, baina errotak eraiki, eraikiko direlakoan nago.

"Zer gara gu? Nor gara gu?" dio abestiak; koarrogatu pandemiko, esklabu campervanero, iberdrogazale norvegiar, espainiar zintzo edo eoliko anonimo gara gu, besteak beste. Eta ez dugu erremediorik. Ospatu garaipena, irentsi porrota edo, besterik gabe, ondo pasatu Xanjuandeiko festetan, azpeitiar!