Txakurra akatuta, amorrurik ez

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2022ko aza. 19a, 08:22

Imanol Amianok 2022ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Udazkenarekin batera, euskararen ikasturteari hasiera eman zaio herriko ikastetxeetan zein Euskaltegian, Euskaraldia ere ate joka dugu, eta, batik bat, datozen lau urteotarako gure hizkuntza sustatzeko plana mahai gainean daukagu. Eta indarberriturik, bai, baina baita kezkaturik ere ekin diogu euskararen ingurumarian gabiltzanok; ez alferrik –esaiozue pertzepzioa, esaiozue traza, ustea...– usaina hartua genion (diogu) euskararen erabilerak ez zuela (duela) bilakaera onik herrian.

Eta hara non Soziologia Klusterrak burututako kale-neurketak pertzepzio, traza, uste, usain hori hankaz gora bota duen; jaitsi ez, euskararen erabilera igo egin omen da Azpeitian, eta ez gutxi, gainera: 2016ko neurketakoa baino ia bost puntu altuagoa, 2009ko lehenengo neurketak emandako kopuruen gainetik, %86,6, alajaina! Ez naiz ni inor neurketa horien metodologia eta emaitzak zalantzan jartzeko, noski, baina hedabide honek albistea ematerakoan aukeratutako izenburua bera nahiko esanguratsua izan zen: "Orain arteko daturik onena bai, baina...".

Nik ez dut neurketarik egin, baina belarria jarrita izaten dut, batik bat Euskaltegitik pasatzen zaizkigun ikasleen jarduna entzuteko, eta, haien artean, bereziki, Etorkizun egitasmoari esker gure artean izaten ditugun haur eta gazteena. Eta zer nahi duzue esatea, ba... Ez dira Nik 0 Williams, bale, baina "hi, Mohamed, utziyek pakien!", esaten zuen Ashrafi eta "nik eztiat ezer ein, Ashraf!", erantzuten zion Mohamedi "Vete a la mierda, Youssef!", entzuten diet orain: euskara bantutik erdara batura. Ondo saihestu dituzte, antza, soziologoen checkpoint kamuflatuak.

Beharbada, beraz, arnasgune deitu beharrean gotorleku deitu beharko diogu Azpeitiari. Euskararen ikasturte hasiera honetan, unibertsitate ikasketak egingo dituztenen %53k euskaraz ikasiko dutela argitaratu zen, baina pisu bila gaztelania ederrean ibili dira sare sozialetan. Erabileraren irudikerian liluratuta gauden honetan, Hezkuntzaren lege berriaren aurreproiektuak B2 mailako tituluaren baliokidea oparitu nahi die ikasleei DBH amaitzen dutenean (eta traza, usaina hartzen diot Batxilergoa amaitzen dutenei C1ekoaren parekoa emango dietela, eta, nork daki, C2koa familia ugarikoak direnei); Euskararen Legeak EAEn 40 urte beteko dituen honetan, UGTk 45 urtetik gorakoak euskara-mailak egiaztatzetik salbuetsi nahi ditu, eta Urtaranek ez dio ikusten "eragin errealik" Gasteizko udaltzainek euskaraz ez jakiteari; hots, tituluok duten balioa ezerezean uzteko, eta, horrela, herritarrok behetik berdintzeko, Nik 0renarekin, alegia, kar-kar-kar. Txakurra akatuta, amorrurik ez.