Iritzia

Gizarte nerabea

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2021ko ira. 7a, 08:48

Imanol Amianok 2021eko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gizarte nerabea. Irratian entzun nuen zeharka kontzeptua. Udako ikastaro horietako bat eman (behar) zuen emakumeak argitu zidan entzundakoa: modernitateak gaztetasuna gurtzea ekarri bazuen, posmodernitateak nerabetasuna eredu duen gizartea ekarri digula; hots, oso gazteen edertasuna da edertasuna, eta horri eutsi behar zaio, kosta ahala kosta. Gimnasiora joan behar da. Seme-alabek bezala jantzi eta haien musika entzun behar da, haiek bezala hitz egin eta haiek bezala jokatu behar da. Bestela, hireak egin dink, zaharra.

Dagoeneko orrazteko ilerik ez daukakenean, mitxelinak ezin disimulatu habilenean, lentillak eta belarriko aparatuak behar ditunanean, alferrik habil. Helduok lekurik gabe geratu gara: nerabeak gara, kolpetik, zahar bihurtzen garen arte; ezkutatu beharreko estatus lotsagarri berria. Baina bitartean, dena libre. Edo ia-ia.

Frinkielkraut filosofo frantziarraren arabera, garuneko eskuineko hemisferioak ezkerrekoari gain hartu dio; hitzezko komunikazioa argazki, sticker eta emoji bidezkoak ordezkatu du, eta heziketaren ildotik garatzen ditugun arrazoiak eta logikak fantasiari, sormenari eta irudimenari utzi dio bidea; gaitz erdi hala balitz, baina irudimen, fantasia eta sormen gutxi ikusten dut zenbait portaera oldarkor, buruarin eta arduragabetan. Esaterako, Zezen Beltzek antolatutako azken errekortari jaialdian etxeko balkoitik ikusi nuena: gazte kuadrilla bat, Wanda Metropolitanotik irteten ari den Frente Atleticoko hooligan sorta balitz bezala, eskuak gora, oihu-kantu koordinatuak egiten zein inguruan harrapatzen zuten guztia jaurtitzen –teilatuan zegoen, oraindik, lerro hauek idazterakoan, larrialdietarako irteerako errotulua; harmailetaraino iritsi zen garagardo lata jasoko zuten–.

Hori guztia, jakina, ez dela berria pentsatuko duzue. Eta hala da. Samuel gaztearen erailketaren aurkako manifestazioen harira –poliziaren jarduna bai ez dela aldatu: faxistak, naziak babestu eta gainerakoak jipoitu–, Eñaut izeneko mutil batek Twitterren 2013ko saninazioetan gertatu zitzaionaren inguruan kontatutakoa adibide: mutil-lagunarekin txosna baten zegoela, txupito edalontziak jaurti zizkietela, auskalo nondik, eta zerbitzaria –irribarrea ezpainetan– ezjakinarena egiten zuela, atzean, letra larriz, "ez da eraso sexistarik ez homofoborik onartuko" zioen leloa zuelarik. Beharbada, ordea, koronabirusak dena areagotu du: etxean sartu gintuzten, tabernak itxi eta maskarak derrigortu zizkiguten... Gizarte solidarioagoa izango genuelakoan geunden, baina gero eta berekoiagoa delakoan nago; indartsuago irtengo ginela, baina bortitzago baino ez dugu irten. Nire askatasuna gauza guztien gainetik, baita zure gainetik ere. Dena nahi dut. Eta berehala. Sinpleagoak gara, eta bazterrekoak ziruditen pentsaerak eta jokabideak indarrez berragertzen ari dira, jaso dugun, jasotzen duten heziketarekin bete-betean talka egiten dutenak: arrazakeria, xenofobia, matxismoa edota homofobia.

Txosnarik gabe, baina saninazioak hemen ditugu. Ez festak. Neuri ere gustatzen zaizkit –akabo, ba!–, eta oporrak hartu berri ditut. Horregatik, ez dizuet ezer agintzen –besterik ez genuen behar–, kontraesanak handik edo hemendik agertuko baitzaizkit. Uztarrian uso, kalean otso. Zer nahi duzue, ba, oraindik nerabea baino ez naiz eta!