Hartz arrea, Truman eta Copito

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2020ko abu. 9a, 09:19

Imanol Amianok 2020ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Beti gustatu izan zaizkit animaliak; esaterako, atsegin handiz biltzen nituen abereei buruzko liburu, karta zein kromoak. Horrela, 80ko hamarkada urrun hartan, ikastolatik Bartzelonarako bidaiaren baitan, bertako zoo ospetsua bisitatzeko txangoa egiteko irrikaz nengoen. Garai hartan, burutik ez zitzaidan pasatu ere egin kolonialismoaren aurpegirik adeitsuena erakusten duten animalia-gordailu batean gora eta behera nenbilenik, bat-batean hartz arrea zegoen gunera iritsi arte. Ez zaizkit sekula ahaztuko haren mugimendu motel eta erritmikoak: bi pauso ezkerrera eta jop! eskubiko aurreko hanka altxatzen zuen; jira beste aldera, bi pauso eskubira, eta jop!, ezkerrekoa. Behin eta berriz.

Hartz arrea burutik ezin kenduta nenbilela, jendez gainezka zegoen erakusleiho batekin egin nuen topo: Floquet de Neu, Copito de Nieveren kristalezko ziega zen. Eta han zegoen bera, krisketik gabeko leihoaren bestaldean, begiluzeoi bizkarra emanda; zura, kafea eta kakaoarekin batera (es el Cola Cao desayuno y merienda ideal kantatzen omen zuten Afrika tropikaleko ume beltzek) Ekuatore Gineatik –Guinea Española, garaiotan– hogeiren bat urte lehenago eramandako gorila albino ikusgarria. Halako batean –begien aurrean banu bezala gogoratzen dut–, lepoa okertu zuen; une labur batean, bion begiek topo egin zuten, eta haserre, nazka eta tristura neurrigabez betetako begirada sentitu nuen. Ondoren, elur-maluta handi hark begiak kizkurtu eta berriro aurrera begiratu zuen.

Zorigaiztoko hartz arreak eta gorilatzar hark ez bezala, guk, gizajook, hautamena, erabakitzeko aukera dugula uste dugu, baina normalean guztiz histrionikoa eta graziarik gabeko Jim Carreyk bikain gorpuztutako Truman gogoangarri hura bezala, muga ikusezin bezain sendoak dituen show baten parte gara. Hankak luzatzeko nahikoa lekurekin, geure erosotasun-esparruan mugitzen garenak. Eta ohituradunak. Erraz konformatzekoak. Cabarcenoko animaliak.

Orain, normaltasun berriko anormaltasuna desiratzen gaude, normaltasun zaharreko anormaltasunarekin egiten genuena egiteko. Libratu ditugu ospitaletako oheak, abian jarri dugu hala moduz ekonomia, egingo ditugu hauteskundeak, baita selektibitate-probak ere. Badatoz, bagoaz turistak. Hartz haren gisara, –laurac-bat, dedio!– astebururo Kantabriarako joan-etorrian dabilen bilbotarra gara, ezkerreko eskua iep!, eskubikoa iep! Copitok, behintzat, bazekien kristalezko ziegan zegoela. Guk ez daukagu erremediorik.