Ahohandi eta belarrigor

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2018ko abe. 4a, 11:32

Imanol Amianok Uztarria aldizkariaren 2018ko azaroko zenbakianidatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hamaika esateko, hamaika entzuteko jaioak gara; batzuek, ordea, belarriak itxita dituzte, eta, ahoa zabaltzen duten orduko, beste batzuei belarriak eta, zer esanik ez, ahoa irekitzeko gogoa kentzen diete. Ni neu nazkatu ninduten: hamaika egunez guztiz eta erabat euskara hutsez egin ezingo nuenez, ezin omen nuen ahobizi izan; belarriprest, gehienez ere. Bularretik txapa kentzekotan ere egon nintzen.

Hara, denok ez genuen berdin ulertu rol kontu hori. Ezta asertibitate kontzeptua ere, antza. Lehenengo hitza euskaraz egin eta ulertzen ez zidatenean –eta ez zidatela ulertuko egiaztatu ondoren–, gaztelaniaz komunikatzen nintzelako, Hizkuntza Politika sailburua bezala (!!!), "belarriprest aktiboa" al nintzen? Eta ezer esango ez banu, zer, "ahobizi pasiboa"? Ulertzen ez didatela jakinaren gainean egonda, entzungor egin eta euskaraz jarraitzen badut, ez zait iruditzen asertiboa naizenik; belarrigor ahohandia, asko jota.

Izan ere, euskaraz ez dakitenak ere baditugu gure artean; nire inguruan bai, behintzat; eta, tamalez –egia da–, nahi baino gehiagotan %80 elebidunak %20 elebakarrari men egin behar izaten dio. Diglosi egoera horretan, batzuek ez dute euskara ikasteko asmorik –tamalez, egia hori ere–, baina beste batzuek bai, eta ari dira. Horiekin, lehenengo euskarazko hitza ulertzen ez duten horiekin, zorrozkeriaz jokatzen badugu, geureganatu beharrean uxatu egingo ditugu, eta %20ko zaku-zulo horrek bere horretan jarraituko du, handitzen ez bada.

Erronka ez da hamaika egun horiekin amaitu, hasi besterik ez da egin. Dagoeneko txapa paparretik kenduta, hamabigarren egunetik aurrera euskaraz normaltasunez egitea da kontua; lehenengo hitza euskaraz egin; eta ulertzen ez badizute ere zeureari eustea aukera bat da, bai. Horrela euskarara erakarriko dituzulakoan.