Iritzia

Gauzen ordena

(Argazkia: Pixabay)

Ihintza Elustondok 2022ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Etxean sartu zara, eta dena hankaz gora topatu duzu.

Zeure buruari galdetu diozu noiztik ez duzun komuna garbitu, noiztik ez duzun xurgagailua pasatu.

Noiztik ez duzun babesleku behar lukeen nahaste-borraste horretan erreparatu.

Lurrikara batek astindu bazintu bezala, mahukak gora igo eta hara eta hona hasi zara, tiraderak astintzen, herdoildutako hautsak kentzen, kristaletatik zarakar bilakatu diren hatz markak ezabatzen.

Norenak diren oroitzen ez zaren arrasto horiek.

Zaborrontzia zabaldu eta kutxa horia gainezka aurkitu duzu; plastiko bete itsaso arrainak lepotik estutzen irudikatu duzu.

Idor bilakatu den landareari ura bota diozu, eta ihartze etengabe hori berotze globalak eragin ote duen pentsatu duzu.

"Pertsonarik gabe bai, baina zuhaitzik gabe ez dago etorkizunik", esan zizutela oroitu duzu.

Hozkailuan alferrik galtzen ari den janaria topatu duzu, eta mundu erdia gosez imajinatu duzu.

Irratia piztu duzu.

Belarri ertzean deiadar egin dizu, eta entzun nahi ez dituzun gauza guztiak batera jaurti dizkizu.

Argia aurrezteko, itzali egin duzu.

Ohea egin gabe dagoela ikusi duzu. Hantxe barruan sartzeko gogoa piztu zaizu.

Orduantxe, inoiz ez aurkitzeko esperantzan gorde zenuen argazki hori gau mahaitik behera erori zaizu.

Oroitu nahi ez dituzun gauzak burura datozkizu, gogoratu nahi dituzunak ahazten zaizkizu.

Ondoan nahi dituzunak falta dituzu, soberan daudenekin zerrenda osa dezakezu.

Hortzetako pastaren hondarrak dituen ispiluak zeure irudia distortsionatu dizu.

Garbigailua jarri, eta hantxe biraka dabilen esku trapua dirudizula pentsatu duzu.

Etxean aurrera eta atzera, Sañoan jarri nahi dituzten errota horietakoa dirudizu.

Eta jada ez dakizu etxea, mundua ala zeure burua den ordenatu nahi duzuna.