Iritzia

Isiltzen digutena

Erabiltzailearen aurpegia Ihintza Elustondo 2022ko urt. 27a, 08:36

Ihintza Elustondok 2022ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Uztarriaren webguneak 20 urte beteko ditu hil honetan. Urte berriko ospakizunez gain, badugu zer ospatua etxe honetan. Gure aurrekoek hasitako bideari segiz, haiengandik ikasitakoari eutsiz, halaxe osatu dugu denon artean bidea. Beste hainbeste eta gehiago bete ditzala.

Informazioa jaso, haren ertz guztiak arakatu, eta berriak ahalik eta modu argienean, kontrastatuenean, osoenean, herritarrei helaraztea; horixe da gure lana. Batzuetan gehiago asmatuko dugu, eta beste batzuetan gutxiago. Horretan ez daukat inolako zalantzarik. Baina saiatzen gara gure lana ahalik eta ondoen egiten. Are gehiago halako garai nahaspilatuetan, asko eta asko zer sinetsi, zer pentsatu ez dakitela aurkitzen direnean.

Hainbeste buru dagoen mundu honetan, gauzarik normalena da denok ados ez egotea, ikuspuntu ezberdinak izatea. Eta norberaren pentsamendua eraikitzeko bidean, zer garrantzitsua den batena eta bestearena entzutea, ondokoak ere zer esan baduela ohartzea, norberarena gordin defendatu aurretik. Gehienetan egia ez delako izaten bat eta osoa, zuria edo beltza.

"Ofizioak irakatsi dit gauzak ez direla sekula guk uste bezalakoak", zioen Koldo Aldalurrek.

Eta hitz egitea aukera bat den moduan izan daiteke isilik egotea ere. Hitzak barruan gordetzea. Isilik egoteak ez baitu esan nahi esateko ezer ez dagoenik. Hitzak isildu daitezke bakeagatik, lotsagatik edo beldurragatik. Ausardia ezagatik, askok gaur egun egiten duten bezala.

Eta isilarazi ere egin daitezke.

Aurreko batean, Iñaki Segurola eta Onintza Enbeita elkarrizketatu zituen hedabide batek, bataren Koiteretzia eta bestearen Izurria liburuak Durangoko Azokan salgai zeudelako. Elkarrizketa hartan esandakoak ezabatu zizkiotela salatu du Segurolak sare sozialetan. Zehazki, honako hau dio: "Ohartzekoa da igarotako gauzak kritikatzea libre dela (adibidez, iazko itxialdia), baina oraintxe bertan gertatzen ari dena (pase edo ziurtagiri covidiarra) gordinki salatzea ez dela libre".

Benetan diotsuet, beti pentsatu izan dudala askatasuna dela gizakiontzako oparirik ederrena; zoritxarrez, askok eta askok gozatu ezin duten baliorik behinena. Bakoitzak sinets, senti, amets, pentsa, maita dezala nahi duena, edo ahal duena, baina zentsurarik ez, mesedez.

Pentsatzen duguna esatea hain zaila bilakatu den garai honetan, gutxienez pentsa dezagun esaten digutenaz. Eta esaten uzten ez digutenaz.