Han eta hemen

Erosotasuna

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2024ko mar. 7a, 08:35
(Argazkia: Pixabay)

Hiromi Yoshidak 2024ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urtarrilaren 2ko Berria-k zekarren ikerketa soziolinguistikoaren arabera, Bizkaian herritarren ia %30ek badakite euskaraz, baina horien erdiak baino gehiago euskaraz baino erosoago, errazago, aritzen omen dira erdaraz. Gazte euskaldunen kasuan, seitik lauk erosoago egiten omen dute erdaraz.

Errealitate horri begira, honakoak esan daitezke: hizkuntza, azken finean, komunikatzeko tresna da; tresna bada, erabiltzen erosoagoa dena aukeratzea normala da. Eta zergatik egiten zaie erdara erosoagoa, errazagoa? Erdara hutsean murgilduta denbora ugari pasatzen dutelako. Gazteen eguneroko bizitza lau eremuk osatzen dute orokorrean: etxea, eskola, bizilekua eta Internet. Gaur egun, laugarren eremu horrek pisu ikaragarri handia dauka. Smartphoneari edo tabletari begira zenbat ordu pasatzen dituzte gaur egungo gazteek? Eta mundu horretan zein hizkuntza da nagusi? Euskara ez, behintzat. Denbora gehiena pasatzen duten eremuetan euskara hutsean gozatzeko eduki erakargarri asko izatea da orain lortu behar dena. Eduki sortzaile askorik gabe oso zaila dirudi, baina ez dut ezkorra izan nahi. Ea izaten den konponbiderik.