Han eta hemen

Tresna baliagarria

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2023ko api. 2a, 09:11
(Argazkia: Pixabay)

Hiromi Yoshidak 2023ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Euskaraz ikasten ari zen irakasle batek esan zidan: "Irakasle izateko euskaraz jakitea eskatzen digute. Beraz, behartuta ari gara euskara ikasten". Ofizio askotan eskatzen dira lanerako baldintzak, euskaraz jakitea ere horietako bat besterik ez da. Lanpostu baterako ingelesez jakitea eskatzen denean, baina, iruditzen zait oso jende gutxik esango duela "ingelesez jakitera behartu" dutela. Euskaraz behartuta ikasiko dute, baina ingelesez ez. Zergatik? Batek erantzungo luke: "Ingelesa mundu errealean edota birtualean jende ugarik darabilen hizkuntza denez, ikastea merezi du. Euskara, ordea, eremu txikiko hizkuntza da, eta euskal hiztun guztiek erdaraz ere badakitenez, ez dugu ikasi beharrik". Erantzun horrek ondo adierazten du, azken finean, hizkuntza komunikaziorako tresna bat dela. Eta bakoitzak beraretzat praktikoagoa, erosoagoa den tresna aukeratzea normala da.

Euskal Herrian sustraituta bizitzeko eta edozein gauzaz gozatzeko balio ikaragarria du euskarak, ordea. Gainera, hizkuntza ez da komunikatzeko tresna hutsa, beste zerbait ere bada. Horri buruz beste batean hitz egingo dugu.