Han eta hemen

Euskararen xarma

Hiromi Yoshidak 2021eko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Japoniako bi unibertsitatetan euskara irakasten dut. Ikasleei beti galdetzen diet zergatik nahi duten euskara ikastea. Batzuek diote euskal kultura eta kirolak interesatzen zaizkiela, eta egunen batean, Euskal Herrira joaten direnean, oinarrizko gauzak euskaraz esateko gai izan nahi dutela. Beraz, praktikotasunari begira daude. Beste askok, aldiz, euskararen jatorri misteriotsua eta egitura berezia interesgarri egiten zaizkiela eta horregatik euskara ezagutzeak merezi duela diote; hau da, ez dute euskara erabiliz zerbait egiteko asmo konkreturik, baizik eta euskararen xarmak erakarrita, interes akademiko hutsagatik ari dira ikasten.

Beraz, haiek esandakoak kontuan hartuta, praktikotasunaz haratago, euskarak bere baitan duen xarmak erakartzen ditu ikasle asko. Hizkuntza komunikaziorako tresna da, zerbait praktikoa eta erabiltzekoa. Baina helburu hori gabe ere, interesa sor eta jendea erakar dezake hizkuntza batek. Noski, hizkuntza batek bizirik irauteko, ezinbestekoak dira praktikotasuna, egunerokotasuna eta hiztun natibo dezente. Baina horiek galdutakoan ere, bere xarmak eta ezaugarriek hor segituko dute, beti zenbait pertsona liluratuz.